Oria merkatarien elkartearekin batera, Amasa-Villabonako Udalak Merkataritzan ados! mahai ireki eta parte-hartzailea sortzea erabaki du herriko merkataritza sustatzeko helburuarekin. Beatriz Unzue alkateak egitasmoaren aurkezpen ekitaldian azaldutakoaren arabera, “mahai edo foro berri honek izango duen erronka nagusia, herriko merkataritza sustatzeko udal politika definitzea izango da”.
Plan berezia
Horretarako, Villabonako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia garatuko dute Udalak eta merkatari elkarteak. Merkataritzan ados! ekimenak izaera publikoa, irekia eta parte-hartzailea izango duela ere azaldu zuen Unzuek aurkezpenean. “Mahai honetako protagonista nagusiak herriko merkatariak eta udal ordezkariak izango badira ere, ideia, iradokizunak eta proposamenak izan ditzaketen herritar edo bezero guztiek parte hartzeko aukera izango dute”, baieztatu zuen.
Aurtengo aurrekontutik, 85.000 euro bideratuko dituzte herriko merkataritza sustatzera, lau ataletan banatuta. Lehenengora, herriko merkataritzaren sustapenera, 10.000 euro bideratuko dituzte. Oria Merkatarien Elkartearekin lankidetza hi-tzarmenera, 13.000. 2024ko Merkataritza bonoen kanpainara, berriz, 57.000 euro. Eta, azkenik, establezimendu berrien irekierarako diru-laguntzetara, 5.000.
Diru hau nola erabili Merkataritzan ados! mahaian erabakiko da, Unzueren esanetan. Horretarako eta sortzen doazen beharretarako bi hilean behin elkartuko da mahaia, astelehenetan, 13.30ean. Lehena apirilaren 15ean izango da, ezarritako orduan, udaletxeko batzar areto nagusian.