Errenteriako Jantziaren Zentroak bere beheko solairuan erakusketa bat zabaldu berri du eta apirilaren 28ra arte ikusgai egongo da. Lentzeria, emakumearen ezkutuko sekretua izenburupean, XVI. mendetik 1930 urtera bitarte emakumezkoek jantzien azpian gordetzen zuten barruko arropa erakusten du.

XVI. mendetik 1880 urte bitarteko barruko jantziak erreplikak dira: XVI. eta XVIII. mendeetako tontilloak, XIX. mendeko krinolina eta polisoiak… 1880 eta 1930 urte bitarteko lentzeria, aldiz, jatorrizko jan-tzien bidez ikus daiteke: kortseak, kortse-estalkiak, pololoak, galtzerdiak, barruko gonak, kamisoiak

Hiru modu desberdin

Lentzeria hori ikusteko hiru modu proposatzen ditu erakusketak. Jantzitako manikietan emakumezkoak eramaten zituen barruko arropa guztiak janzten zituen ordena berean, hiru lona erraldoietan, XX. mendeko bi emakumezkoen argazkiak zuri-beltzean, XIX. mendeko marrazki bat eta barruko arropa solteak gertutik ikus daitezke.

Barruko arropak historian zehar izan duen garapenaren azalpena hainbat testutan irakur daiteke, batetik garai bakoitzean moda zein zen deskribatzen da, eta bestetik, jada desagertutako sei barruko jantziren deskribapena.

Garai bakoitzean, emakumearen gorputza modak inposatutako silueta ezberdin batera moldatu da. Forma berezi horietara iristeko soinekoen azpian armazoi edo kaiola eta jantzi bereziak janzten zituzten”, adierazi dute Jantziaren Zentrotik.

Bestalde, lentzeriaren 500 urtetako garapena azaltzeko Jantziaren Zentroak bisita gidatu bereziak antolatu ditu.

Bisita gidatuak

Ordu erdiko bisitak izango dira, lau euroan. Apirilaren 11an, arratsaldeko 19.00tan gazteleraz eta apirilaren 14ean, goizeko 11.00tan, euskaraz izango dira hitzorduak. Horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita ala Errenteriako turismo bulegora deituta (tel.: 943 494 521).

Erakusketa hau Kapitain-Etxearen beheko solairuan ikusgai dago doan larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara eta igande eta jai egunetan goizez, 11.00etatik 14.00etara.