Floreagako bolatokiak emango dio hasiera larunbatean Gipuzkoako LIII. Hiru Txirlo Txapelketari. Dozenaka jokalari bilduko dira Azkoitian 17.00etan, Markinako Lander Odiaga bolariak iaz San Andreseko (Soraluze) taldearen koloreak defendatuz lortu zuen txapela irabazteko lehen puntuak lortzeko helburuarekin. Txapela jasotzeko ibilbidean beste bederatzi jardunaldi jokatu beharko dituzte. Bigarrena Elgoibarko Aiastia-San Migelgo auzoko bolatokian burutuko da martxoak 23an, eta ondoren etorriko dira Elgeta (apirilak 6); Aretxabaleta (apirilak 13), Eibar (Asola Berri, apirilak 20); Leintz Gatzaga (apirilak 27); Soraluze (Ezozi, maiatzak 4); Soraluze (San Andres, maiatzak 11); Elgoibar (San Pedro, maiatzak 18); eta Bergara (San Joxepe, maiatzak 25). Denboraldiari amaiera emateko, ekainaren 1ean, Lehendakari Saria jokatuko da Lasturren.

9 Jardunaldi

Floreagako tiradan parte hartuko dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte. Lehian 65 euroko saria egongo da jokoan irabazlearentzat, eta 50, 35, 20 eta hamar eurokoak eta ezusteko opari bat hurrengo sailkatuen-tzat. Gainera, gaur, 23.00etan, tirada bat egongo da (euro bat) Floreagan biharko hitzordua prestatzeko.