Bederatzigarren aldiz antolatuko dute datorren astean, martxoaren 15ean eta 16an, Tolosaldeko Lanbide Heziketa Azoka. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “urtez urte sendotzen joan den ekimena izan da eta Tolosan antolatzen diren azoken artean, hitzordu edo topagune garrantzitsua” bihurtu da. Azokaren helburu nagusia Tolosaldean dagoen prestakuntza aukera zabaltzea bada ere, antolatzaileei garrantzitsua iruditu zaie azoka honi esker lortu duten indar-metaketa azpimarratzea. “Lanbide Heziketako hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikastetxeoi lankidetza testuingurua ireki digu elkarrekin antola-tzen dugun azoka honek” azaldu dute antolakuntza taldeko kideek. Tolosaldeko Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolak, Fraisoro Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak eta Peñascal Kooperatibak antolatzen dute azoka.

Helburu nagusia

Esan bezala, eskualdean Lanbide Heziketaren arloan aritzen diren ikastetxeen eskaintzaren berri ematea da datorren martxoaren 15ean eta 16an egingo duten azokaren helburu nagusietako bat. Ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen ziklo eta familia profesional ezberdinetako ikasketen inguruko azalpenak emango ditu zuzenean, eta Trianguloan egingo duten azokarekin Lanbide Heziketaren arloan egiten den eskaintza herri mailan zabaldu nahi dute. Pasa den asteazkenean Lehiberri zentroan aurkeztu dute azoka Tolosako Azoketako zinegotzi Aitor Agirresarobek, Tolosaldea Garatzeneko kudeatzaile Joxe Luis Urdangarinek eta antolakuntzan dabiltzan ikastetxeetako ordezkariek. Aurten, pandemia aurreko formatura itzuliko dira, bi eguneko azoka antolatuz, lehen eguna inguruko ikastetxeetako ikasleei zuzenduko zaie, eta larunbatekoa, berriz, herritarrei. Lanbide Heziketako zentroen jarduna herriari eta eskualdeari erakutsiko diote.

Asteazkenean azaldu zutenez, martxoaren 15ean Tolosaldeko ikastetxeetako DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduko diete azoka. 9.00etan hasi eta 14.00ak bitartean egingo dituzte bisita gidatuak. Ikastaldeak dagokien arduradunarekin joango dira aldez aurreko hitzordua eskatuta. Behin bertan direla antolatzaile batek azokaren postu ezberdinetatik gidatuko ditu bisitariak, beharrezko azalpenak emanez.

Larunbatean, martxoaren 16an, berriz, Tolosaldeko bizilagun eta ikasleen gurasoei zuzendutako azoka irekia egingo da. 9.00etatik 13.00etara izango da zabalik. Bisitariek beren kabuz eskola ezberdinetako postuak ezagutzeko aukera izango dute.