Irunek bere pilota eskola aspaldi galdu bazuen ere, kirol honekiko zaletasuna ez da inoiz desagertu. Horren erakusgarri dira Gorka Retegi eta Ainhoa Morón, gaztetatik pilotan eta palan, hurrenez hurren, aritu izan direnak. Zaletasun hori hirian zabaldu eta indartzeko eta irundarrei berriro frontoian jolasteko aukera emateko, 2023ko urtarrilean Atxiki pilota eskola sortu zuten.

Ostegunetan, 25 emakumeko talde bat palan entrenatzen du.

Fundatzaileek diotenez, hasieratik izan zuten Udalaren eta Ramuntxo Trinkete klubaren laguntza: “Udalean esan ziguten urte pare bat zeramatela eskola bat sortzeko nahian, eta asko lagundu ziguten. Gainera, elkartea oraindik ez ginenez, Ramuntxo Trinketeko aterkipean egon ginen 2023 urte osoan”.

Horiei esker, joan den urteko otsailetik ekainera bitartean, eskola apurka-apurka funtzionatzen hasi zen, 8 eta 12 urte bitarteko hogei bat umeri astean bi orduko entrenamendua eskainiz.

Lehen proba haren arrakastak indarra eman zien sortzaileei, eta irailean Idoia Carrera, Ion Izagirre eta Iker Amiano elkartu zitzaizkien. Lan taldea martxan jarri zen berehala eta, elkarte bat sortzeaz gain, ikasturte honetako eskaintza prestatu zuten. Gauzak horrela, urritik Uranzu pilotalekuan bi arratsalde pasatzen dituzte, astelehenetan frontoi handian eta ostegunetan txikian.

Eskolaren eskaintza bi taldetan banatzen da. Alde batetik, 8 eta 10 urte bitarteko haurrak pilotan entrenatzen dira astelehenetan 17.00etatik 18.00etara eta 10 eta 12 urte bitartekoak 18.00etatik 19.00etara. Umeek ostegunetan entrenatzen dute ere, 17.30etik 18.30era.

Astelehenetan frontoi handian eta ostegunetan txikian

Bestalde, Atxikin haurren taldearekin oso pozik dauden arren, haien indarguneetako bat emakumeen taldea da. Izan ere, ostegunero, 18.30etik 21.00etara, pilotaleku txikian, 25 emakume biltzen dira palan joka-tzeko. “Guretzat sorpresa handiena izan da”, aitortu du Carrerak. Azaldu duenez, eskaintza “emakumeentzat gune bat sortzearren” egin zuten, baina ez zuten arrakasta hau espero. “Izugarria izan da, eta oso, oso gustura aritzen gara. Neska gazteenak 16 urte ditu, baina bera da adin horretako bakarra, besteek 40 inguru dituzte”.

Arrakasta horrekin oso gustura daude emakume taldearen arduradunak, baina eragozpen bat dute: hainbeste direnez, bi talde egin behar izan dituzte, eta, ondorioz, frontoi txikian oso larri ibiltzen dira. “Hori da gure egungo aldarrikapen txikia. Ostegunetan frontoi handia erabili ahal izatea. Baina aurten eskubaloi taldeak okupa-tzen du”.

Aldarrikapen honetaz haratago, umeen taldean emakume helduekin izan duten arrakasta bera lortzea da gaur egun Atxikiren helburuetako bat. “Aurten ez dugu neskarik haurren taldean, eta horixe da gure erronka. Nola lortu pentsatzen ari gara. Ziur gaude pilotan jolastu nahi duten neskak daudela, baina oraindik ez dakigu horiek nola animatu”.

Eskolan izena emateko behar den mailari dagokionez, argi utzi nahi dute ez dela beharrezkoa lehenagotik jolasten jakitea. Emakumeen taldearen kasuan, Carrerak dio eskatzen duten gauza bakarra palan jokatzeko gogoak izatea dela.

Edonork izena eman dezake

Bere aldetik, Iker Amiano entrena-tzailearen esanetan txikien taldean maila guztietako haurrak daude, baina entrenamenduek “denentzat balio dute” eta edonork eman dezake izena. “Umeek dibertsio bezala har dezaten saiatzen gara, baina aldi berean hobetzeko aukera ere badago, noski”.

Gauzak horrela, Atxikiren helburu nagusia pilota eta dibertsioa batzea da, haurrek eta helduek ondo pasa dezaten kirol horretaz gozatzen duten bitartean. Euskara ere oso ardatz garrantzitsua da Elkartearentzat, bai entrenamenduetan bai antolatzen dituzten topaketetan. Izan ere, Atxikiko dibertsioa eta giro ona ez dira frontoira mugatzen.

Gabonetan emakumeen topaketa arrakastatsua antolatu zuten, eta haurrekin ere parte hartu izan dute Hendaiako pilota eskolak antolatzen dituenetan, Urruñako eta Askaingo klubekin batera. Gainera, Artikutzara irteera bat egin zuten, baita pilota partidu bat ikustera joateko beste bat ere.

Zentzu honetan, bidea hori dela argi dute. “Haurrek hilean behin Hendaiako topaketetan parte hartzeko aukera dute, eta guk ere topaketak antolatu nahi ditugu Irunen, horretarako lanean gabiltza jada”. Gainera, maiatza edo ekaina aldera berriro emakumeentzat jardunaldi bat antolatzeko asmoa dute.

Etorkizunari begira, Atxikiko kideek aurrera egiteko gogo handia dute, baina hori lortzeko beharrezkoa da bazkideak lortzea. Haiek gogotsu egiten dutelako boluntariotza, baina laguntza behar dute. Halaber, izena emateko epea beti irekita dagoela adierazi dute eta kirol honetan interesa duten pertsona guztiak hori probatzera animatzen dituzte.