Marie Curie, Frida Khalo, Simone de Beauvoir edo Malala bezalako izenak etortzen zaizkigu burara feminismoaz hitz egiten dugunean. Baina gure inguruan generoen arteko berdintasunaz arduratu diren emakume asko ere badago. Hori agerian utzi nahi izan dute Errenterian urtero martxoaren 8aren inguruan antolatzen diren Mariasun Landa Sariek.

Lehiaketa hau duela hamalau urte jarri zen martxan. Errenteriako Berdintasun Planaren baitan kokatuta dago eta bere helburua gizarteko arlo desberdinetan (kultura, hezkuntza, kirola, enplegua, etab.) emakumeek Errenteriari egindako ekarpenaren berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta sari-tzea da. Sari horien bidez, emakumeek egindako ekarpena ikustarazi nahi da, eta horrela, herri kronika osatu.

Atzo banatu ziren sariak eta ohi bezala bi irabazle egon ziren. Emakumezkoen begirada izeneko saria Axun Ertzibengoa Aizpioleak eskuratu zuen Bittori Arrieta Arregiri buruz egindako lanarengatik. Emakumezkoei begirada Nagore Pérez Fernándezentzat izan zen Ana Mari Ugalde Ugarteri egindako goraipamenarengatik.

Emakume aitzindariak izan dira Ana Mari eta Bittori, baina harriduraz jasotzen dute jendeak aipatzen dienean izan duten garrantzia.

Sariak

Bi idazleek pozez jaso zuten saria. “Nik egia esan ez nuen espero; lana Ana Mariri aitortza egiteko idatzi nuen eta behin hori lortuta eta bera pozik ikusita saria poz handiarekin jaso dut”, adierazi du Pérezek. “Guretzat poza da, baina batez ere beraiei egiten zaien aitortzarengatik; azkenean sariak esan nahi duelako bere historiak edo kontatzen dugun hori ezagutu ahal izango dela”, gaineratu du Ertzibengoak.

Aurten laugarren aldia izan da Er-tzibengoa sarietan parte hartzera animatu dela: “Zazpigarren edizioan parte hartu nuen lehen aldiz eta, pentsatzen hasi nintzela, hainbat emakume etorri zitzaizkidan burura aitortza bat merezi zutenak egin duten lanarangatik”. “Bestela jendeak proposatzen dizkizu, nire kasuan bezala. Niri Koro Mitxelenak proposatu zidan Ana Mariri buruz idaztea bere lehenengo euskara irakaslea izan zelako”, aipatu du Pérezek.

“Nik pentsatzen dut Errenterian emakume aitzindari asko daudela eta arlo gehienetan edo askotan behintzat daudela. Mariasun Landa sariei esker dexente atera dira: politikariak, pilotari edo raketista profesionalak, musikariak... denetik izan dugu”, gogora ekarri du Ertzibengoak.

Bittori

Bere ustez, Bittoriren kasua desberdinena izan da bere lanen artean: “Orain arte jarraitu dudan abiapuntua izan da emakume bat ezagutzea eta hark nigan utzitako arrastoak motibatu nau idaztera”, azaldu du. Baina kasu honetan desberdina izan zen. Beste pertsona batek elkarrizketa batean komentatu zion Bittori “gure herriko memoria historiko bizia” zela. “Ez nekien ongi zeren bila nenbilen, baina berarekin tertuliatxo bat izatea gaizki ez legokeela pentsatu nuen eta benetan aberatsa izan zen elkarrizketa”, ziurtatu du.

Bittori Arrietak Berdintasuneko Aholku Kontseiluak bultzatuta, industrializazio garaian herrian zein fabrika izan ziren eta emakumeen presentzia eta garrantzia zein izan zuten jasotzeko lan batean parte hartu zuen. Testigantza eman zuen ezagutu zuenari buruz eta enpresa askotan emakume gehiago zeudela gizonak baino aipatu zuen.

Baina Bittorik ez zuen inoiz fabrikan lanik egin, berak etxean egiten zuen lana eta bere bizitza guztia zaintzaren inguruan mugitu izan da: umetan auzokide batzuen zaintza lanak egiten hasi zen eta gero familia zaintzea tokatu zitzaion.

“Momentu batean bere burua zainduko duela erabakitzen du, osasunak hala eskatzen diolako, baina orduan ere bere burua zaintzen du beste batzuk zainduz; boluntariotza lana egin du 30 urtez, Gurekin Iztietako Emakumeen Taldean, Gurutze Gorrian, Berdintasun Aholku Kontseiluan eta Mintzalagunean ere badabil gaur egun”, goraipatu du Er-tzibengoak.

“Bittori zaintzaren gaian irudikor bat izan da eta alde horretatik ere oso interesgarria iruditu zitzaidan Bittoriren historia, zaintzaren gaia oso gaurkoa delako”, azpimarratu du Ertzibengoak.

“Norbaiten bizitzari buruz hitz egiten dugunean edo zein ekarpen egin duen azaltzen dugunean beti begiratzen dugu zer egin duen etxetik kanpo eta garrantzitsua da, baina ahazten zaigu zaintza dela ezinbestekoa den gauza gutxienetako bat. Ana Mariren kasuan asko jarri nahi izan dut (etxean egindako lana) erdigunean eta emakume askok hautua egin dutela bi lekuetan egoteko, baina ezin da ahaztu espazio pribatuan egiten den lana eta oraindik ere dohainik egiten den lana da”, azaldu du Pérezek.

Bestalde, Ana Mari Ugalderen lanean Errenteria euskalduntzeko egindako ahalegina goraipatu nahi da. Ana Marik antzerki egin zuen Ereintza taldean euskaraz eta han ikusi zuen behar bat zegoela euskararekin lan egiteko.

Frankismoko garai beltzak

Garai horretan, Frankismoan, apaizek instalazioak uzten zizkieten eskolak emateko. Zortzi talde sortu zituzten eta horietako batean Ana Mari izan zen irakasle. Eskolak gauez ziren, eta langileak lantokitik ateratzen zirenean euskara ikastera joaten ziren batzuk.

Franco hil zenean gaueko eskolak uztea erabaki zuen Ana Marik beraiek hasitako lana beste batzuek jarraituko zutelakoan.

“Gauza askotan zebilen Ana Mari, irakasle ikasketak egiten ari zen, lanean zegoen, lau seme-alaba zituzten; baina abiapuntua izan da nahiz eta gauza asko egin dituen gau eskoletan nola ibili zen eta herriko euskalgintzan utzi duen arrastoa”, gogorarazi du.

“Ni Oreretako ikaslea izan naiz eta Ana Mari bertako irakaslea izan da, ez dit niri klasea eman, baina jakin nuenean beste lan irabazlea Ana Mariri dedikatuta zegoela ilusio berezia egin zidan”, gaineratu du Ertzibengoak.

Bi idazlan irabazle hauek 2024ko Oarso aldizkarian argitaratuko dira eta inguruko hedabide orokorretan argitaratu ditzaten ahalegina egingo du Udalak.

Hala ere, Ertzibengoak eta Pérezek emakume erreferente hauen biografia eta garrantzia belaunaldi gazteei heltzeko beste bide berriago batzuk erabili beharko liratekeela uste dute, gazteak batez ere sare sozialen bidez elikatzen baitira.