Urretxuko Udalak zahar-tzaroari eta bakardade egoerei buruzko ikerketa jarri du abian. Bigarren diagnostikoa da. Egoera apur bat aldatu egin da lehenengoa egin zenetik: bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen kopurua jaitsi egin da, 577tik 407ra. %73,71 emakumezkoak dira eta %26,28 gizonezkoak. Gehiengo nabarmena erdigunean bizi da.

Ikerketak, Tokiko Zaintza Ekosistemak bakarrik bizi diren adinekoengan izan duen inpaktua eta eragina neurtuko ditu: eguneko zentroan egindako aldaketak, tablet bidezko telelaguntza sistema berria, bakardadea ekiditeko programak...

Bakarrik bizitzea

Bakarrik bizi diren adineko pertsonen inguruko lehen diagnostikoa 2018an egin zen. 65 urtetik gorako 577 urretxuar bizi ziren bakarrik momentu hartan, 65 urtetik gorako biztanleriaren %37a hain zuzen ere. Ikerketa bi urte luzatu zen. “Garbi geneukan egoeraren argazki osoa nahi genuela. Errealitatea ezagutu nahi genuen, izen abizenekin, gertutik, bakoitza bere egunerokotasunean, eta hortik ondorioak atera”, azaldu du Maialen Fidalgok, Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Azterketa horrek datuak igorri zituen batetik, eta ondorioak, bestetik. Ikerketa horri esker dakite, esaterako, Urretxun adineko pertsonek babes sare sendoa dutela orokorrean. “Harreman sozialei dagokienez, ordea, gabeziak sumatu ditu Udalak, bereziki 80 urtetik gorakoen artean. Adineko pertsonei zuzendutako zaintza zerbitzuak eta eskaintza zabaltzeko, dibertsifikatzeko eta pertsonalizatzeko beharra agerian utzi zuen lanak. Ez hori bakarrik, zaintza beharrei lotutako dirulaguntzak aztertzeko eta errebisatzeko beharra eta ordura arte inon ageri ez zen kolektibo batekin lan egiteko beharra azaleratu genuen. Zaintzaileekin lan egiteko beharra, hain zuzen ere. Beraien errealitatea eta beharrak ezagutu eta beraiekin lanean hasteko beharra”.

Ikerketaren ondorioak izan ziren Udalak aurkeztu berri duen Tokiko Zaintza Ekosistemaren oinarria. “Bertan ikusitako beharrek eraman zuten gobernu taldea iraultza txiki baina ausarta egitera: Urretxuko Udaleko zaintza eta arreta sistema goitik behera aldatzera”.