Tolosako Alde Zaharraren Hiri-Berroneratzerako Plan Integralaren aurre-diagnostikoaren nondik norakoak ezagutzeko saioa izan zen joan den larunbatean, Topic-en. Horrela, “lanketa hau egiteko zehaztutako lau faseetatik lehenari amaiera eman eta bigarrena abiatu dela” jakinarazi du Tolosako Udalak.

Ikuspegi orokor bat lortzea

Dokumentazioa aztertu eta teknikari eta bizilagunekin elkarrizketak egin ostean, plana garatu ahal izateko bederatzi lan-esparru zehaztu dira lehen fase honetan. Horiek guztiak aztertuta, asmoa da Alde Zaharraren ikuspegi orokor bat lortzea, eta gero hobekuntzak eta proiektuak egiteko bide-orria zehaztea, lehentasunen arabera.

Lan esparru desberdinak

Udaleko hirigintza saileko Ander Figuerido zinegotziak azaldutakoaren arabera, nabarmendutako bederatzi lan esparruak hauek izan dira: Hirigintza; Etxebizitza; Ingurumena; Mugikortasuna eta espazio publikoa; Kultura, Kirola, Hizkuntza eta Euskara; Ondarea eta Paisaia; Biztanleria eta Gizarte-kohesioa; Garapen ekonomikoa; eta azkenik, Partaidetza eta Gobernantza.

Esperientzia ugari

Bederatzi esparru hauek aintzat hartuta, ikuspuntu eta esperientzia ezberdinak entzuteko eta ezagutzeko aukera ere izan zen larunbateko saioan, hain zuzen, antzeko proiektuak garatu dituzten hiru hiritatik etorritako protagonisten ahotik. Juan Rubio del Val, Observatorio Ciudad 3R plataformako zuzendariak, Zaragozako eredua izan zuen hizpide; Jordi Güell, Oloteko hirigintza zinegotziak bertan egindakoari erreparatu zion; eta Ana Oregi, Gasteizko Hirigintza arduradun teknikoak azken hamarkadetan bertan egin duten lana errepasatu zuen. Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak ere proiektuaren nondik norakoak ondo azaltzeko aukera izan zuen. Gainera, gerturatu ziren herritarrek, Alde Zaharreko bizilagunak izan ala ez, proposamen eta iritziak emateko aukera ere izan zuten saioaren bigarren zatian. Lan-esparru horietako bakoitzaren inguruan hausnarketa egin eta ideiak zerrendatu zituzten. Proiektua garatzen ari den lantaldearen esku jarri dira orain horiek dokumentua are gehiago osatu dezaten.