Udako ohiko aisialdi eskaintzari proposamen berri bat gehitu dio aurten Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteak: Baso udalekuak. “Heziketa berdean pauso bat gehiago da ekimen hau. Naturarekiko deskonexio sozialari aurre egiten laguntzen digutelako, erroetara bueltatuz. Osasunean eragiten dituen onurengatik, gozamena eta heziketa uztartzeko ematen dituen aukerengatik, eta baita sormena garatzeko eskaintzen duen laguntzagatik ere”, azpimarratu zuten Txatxilipurdiko kideek.

Santa Barbara parkea izango da sei eta bederatzi urte bitarteko haurrentzako gozamenerako uztailaren 22tik 26ra antolatuko diren ekintzen espazioa.

Uztailaren 1etik 19ra arte, aldiz, udaleku irekiak egongo dira martxan, bi urtetik 12 urtera arteko haur eta aurre-nerabeei zuzenduta. Hiru gunetan izango dira: Musakolan, erdigunean eta San Andres auzoan.

9 eta 18 urte bitarteko nerabeen-tzat udaleku itxien programa ere prest du Txatxilipurdik. Ekainaren 29tik uztailaren 6ra arte GaraiOn-en (Ozaeta) izango da egonaldia, eta uztailaren 7tik 14ra, inguruetako mendietan hasiko da Mutrikuko kostan bukatuko den abentura.

Kasu guztietan, apirilaren 26a izango da izena emateko azken eguna (www.txatxilipurdi.eus-en, edo Nafarroa etorbidean dagoen egoitzan). Bestalde, Udalak aisialdi eta kirol programetan parte hartzeko dirulaguntzak eskainiko ditu, matrikularen %90eko deskontua eraginez. Eskaerak BAZen edo arrasate.eus-en egin daitezke.