Gainzuri ikastetxeak Gainzurialdia antolatu du ikasle, guraso eta langileen artean euskararen erabilera sustatzeko. Astelehen honetan hasi da eta datorren asteko ostiralean amaituko da. Euskaraldiak bezala funtzionatzen du.

Iñaki Etxaniz ikastetxeko zuzendariak eman du egitasmoaren berri. “Eskolan euskara foroa dugu. Guraso eta irakasleok elkartzen gara. Helburua Gainzurin euskara gehiago hitz egitea da. Hizkuntzaren normalizazioa lantzea. Hainbat ekimen egin ditugu: aisialdi proiektua dugu, irteera batzuk egin ditugu familia euskaldunak sare-tzeko… Aurten, horretaz gain, Gainzurialdia egitea bururatu zaigu”, aipatu du.

Helburua eskola komunitatean euskara erdigunera eramatea da. “Euskararen gaia erdigunera ekarri nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu irakasle, guraso eta umeen artean gai honi heltzea. Euskararen erabilera herriko arazo bat da eta gurean ere bai. Helburua gurasoek, irakasleek eta irakasleek honen inguruan hitz egitea da. Gaiari heltzea. Askotan, euskaraz dakigunok erderaz aritzen gara gure artean”, aitortu du Urretxu eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeko zuzendariak.

Formatua Euskaraldiko bera da. “Bi rol ditugu: GainzuriBizi eta GainzuriPrest. Bakoitzak dagokion rola aukeratu du eta astelehenean txapak jarri eta ekimenari hasiera eman genion. Martxoaren 15ean amaituko da. Egun horretan festa bat egingo dugu, ekitaldiari bukaera emateko. Eguraldi ona egiten badu, Areizaga-Kalebarren plazan izango da”.

Ia 300 guraso

Eskola komunitateko kide asko parte hartzen ari dira. “Guraso askok eman dute izena. Ia 300ek. Ikasleei dagokienez, Haur Hezkuntzako guztiek parte hartzen ari dira. Lehen Hezkun-tzan hautazkoa izan da. Beraien hautua izatea nahi genuen, modu kontziente batean egin dezaten. Ez genituen behartu nahi, baliorik gal ez zezan. Eta Lehen Hezkuntzakoek hautatzeko gaitasuna dutela ulertzen dugu. Gehienek parte hartzea erabaki dute. Ikasle guztiek GainzuriBizi rola hartu dute”.

Langile guztiak parte hartzen ari dira, ez bakarrik irakasleak. “Autobusekoak, jangelakoak eta eskolaz kanpoko ekintzetan lan egiten duten irakasleak ere parte hartzen ari dira”.

Ez dute erabaki oraindik Gainzurialdia urtean behin edo bi urtetik behin egingo duten. “Euskaraldia bi urtez behin izaten da eta Gainzurialdia aurten hasi dugu. Ez dakigu bi urtean behin edo urtean behin egingo dugun. Ikusiko dugu”.