Urteroko ohiturarekin jarraituz, ostiral eta larunbatean, Stock Azoka egingo du Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak. 17 denda kalera aterako dira euren eskaintzarekin. Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, “ostiral arratsaldean, eta larunbat goizean gozatu ahal izango da azokaz”. Aste honetan bertan egindako aurkezpenean merkatarien elkarteko lehendakari den Garazi Dorronsorok esandakoaren arabera, saltokiek eskaintzarik onena” aterako dute kalera asteburu honetan euren bezeroentzat. “Neguko produktuak prezio ezin hobean eskuratzeko aukera izango da Stock Azokan”, baieztatu zuen Dorronsorok.

Saltokiek eskainiko dituzten maukez gain, Dorronsorok azpimarratu du herrian kale giroa egotea gustatzen zaiela merkatariei eta hori dela eta musika eta umeentzat jolasak antolatu dituztela astebururako. Horretarako, trikitilariak ibiliko dira kalez kale, ostiralean 17.30ean hasi eta 19.30ak bitartean, eta larunbatean berriz, 11.00etatik 13.00etara. Haurrentzako jolasak ere tarte horretan izango dira. “Bertako merkataritza txikia babesteko helburuarekin” herritarrei kalera ateratzeko deia luzatu nahi izan zien Dorronsorok aurkezpenean. “Ea modu horretara herriko giroa eta saltokiak alaitzen ditugun”, gaineratu zuen.