Tolosako Udalak, hainbat eragileren laguntzarekin inauterien inguruko balantzea egin zuen astelehenean. Nabarmentzeko da eragileek nahiz norbanakoek udaletxeko batzar aretoa bete zutela inauterien inguruan hitz egiteko bilera irekian, eta, oro har, aurtengo aldaketak begi onez hartu dituztela nabarmendu zen, baina hobetu beharreko hainbat puntu ere zerrendatu zituzten. Andu Martinez de Rituerto alkateak bileran nabarmendu zuenez, aurten ere, orokorrean, parte hartze “altua eta inauterizaleen sormena” nabarmentzekoak izan dira.
“Inauterizaleak zoriondu nahi ditut, beste behin ere onena eman eta denon artean festa ederrak pasa ditugulako. Badira hobetu eta zuzendu beharrekoak, noski, eta horietan jarriko ditugu indarrak datorren urtera begira” azaldu zuen Martinez de Rituertok. Aurtengo festetan ere “nabarmendu beharreko zenbait puntu beltz” ere badirela baieztatu zuen alkateak. Salatutako sexu erasoak eta Ertzaintzaren kargagatik zauritutako gazteen kasuak, besteak beste. “Behar adina aldiz aldarrikatzen jarraituko dugu sexu erasoek ez dutela lekurik jaietan. Kargarekin gertatutakoa argitzeko eskatzen jarraituko dugu, baina jende kopurua ikusita, prozeduran aldaketa bat behar dela ere uste dugu. Hala ere, gertakari horiez gain, bada azpimarratu nahi dudan beste mezu bat: Tolosak beste behin erakutsi duela festaz lasai gozatu besterik ez duela nahi” adierazi zuen alkateak bileran.
Gobernu aldaketarekin batera izan dira zenbait aldaketa nabarmen aurtengo inauterietan eta, pasa den asteleheneko bilerak, guztien errepaso eta balorazioa egiteko balio izan zuen. Zezen Plazara sartzeko aldaketak, txosnagunearen lekualdatzea, karroza eta konpartsen inguruko berrikuntzak... asko izan dira hartutako erabakiak, eta guztiek izan dituzte aldeko zein kontrako iritziak. Astelehenean ordea, orokorrean, “hobetzekoak badiren arren, aldaketen irakurketa positiboa” egiten dutela baieztatu zuten Udaleko kideek.
Dantzaldia Berdura plazan beharrean Zerkausian egitea izan da aldaketa horietako bat, eta aldaketa egokia izan dela baieztatu zuten Udaleko kideek bileran. Hobekuntza modura, eszenatoki handiagoa jartzeko aukera aztertuko dute, “musikari guztiak oholtzan egon daitezen”. Bestalde, Zaldunita eguneko igoera eta jaitsiera da txarangei dagokienean puntu kritikoetako bat, eta aurten jendetza pilatu zela ikusita, datorren urteko inauteriei begira kale salmentako postuen leku aldaketa eta txarangek ohiko ibilbidea espaloitik egitea aztertuko du Udalak.
Zezen plazako sarbideak modu egokian kudeatzea izan ohi da urtero udal gobernuaren kezka nagusietako bat, eta alor horri dagokionez, aurten “sarbideetan pilaketarik eta arrisku egoerarik” ez dela izan nabarmendu zuten udal ordezkariek astelehenean. “Txarangazaleek errespetatu dituzte sarrera eta irteera arauak, eta bereziki azpimarragarria izan da gaztetxoek sartzeko aurten erakutsi duten jarrera ona”, azaldu zuen Andu Martinez de Rituerto alkateak.
Bestalde, “zuzendu eta findu beharreko hainbat puntu badiren arren”, kontagailu bidez hondargunean egoteko gaztetxoen sarbidea edota txarangekin sartzeko zozketa sistema egokiak izan daitezkeela ondorioztatu du Udalak aurtengo inauterietan. Harmailetara ez pasatzea edo kontrola azkartzea izango dira datorren urteko jaietarako ezarritako helburuak, eta egun batzuk trataera berezia behar ote duten aztertuko da datorren urterako, gainera. Sarreren salmentari dagokionez, eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa izan da aurten ere. Hori dela eta, udalak astelehenean baieztatu zuenez, “itxaronaldiak ekiditeko beste aukera batzuk aztertuko dira datorren urtera begira”.
Gazteentzako eskaintza izan zen balorazio saioan landu zen beste gaietako bat. Zezenek irauten duten bitartean gazteentzako eskaintza gehiago indartu da aurten, haurren dantza ikuskizun, kontzertu eta DJ emanaldiekin. Hala ere, eskaintza horrekin gehiago sakondu behar dela uste du udalak, “publiko bat badagoelako eta ordu tarte horiek betetzeko beharra dagoelako”. Txosnagunearen kokalekuaren aferan ere izan dira aldaketa eta polemikak aurtengoan. Izan ere, pasa den urtekoarekin jarraituz, eta kokalekuaren errotazio sistema abian jarrita, Trianguloan kokatu da aurten txosnagunea. Astelehenekoan ondorioztatutakoaren arabera, “giro ona izan da orokorrean, eta kontzertuetan bereziki belaunaldi askotako jendea batu da. Ingurua txukun mantendu da, eta lehen eguna ez beste egunetan, ondo errespetatu da ordutegia”.
Bileran landutako beste puntu garrantzitsuetako bat garbiketarena izan zen. Izan ere, Udalak kezka agertu zuen astelehenean, hondakinen bilketara, kale garbiketara eta komun gehigarriak jartzera baliabide gehiago bideratu arren, Inauterietan pilatutako hondakin kopuruak gora egiten jarraitzen duelako. Bilketari dagokionez, aurten 54,5 tona jaso dira, iaz baino bost gehiago. Orduan ere igoera izan zen, eta goranzkoa da joera. 384.000 litro ur erabili dira aurten, joan den urtekoarekin alderatuta 129.000 litro gutxiago. Obretako 12 kontenedore handi jarri ziren herriko hainbat puntutan, baita 1.000 litroko edukiontzi gehiago ere. Baina edukiontziak alboan izan arren, zabor ugari pilatu zen, Astelenitako lehen orduetan batik bat, Nafarroa Etorbidean edo San Frantzisko pasealekuan. Bereziki zaila izan zen garbiketa zerbitzuko langileen lana.