Gosaritarako elikagaiak lortzeko helburuarekin, Elkartasun Azoka antolatu dute larunbaterako Amasa-Villabonako Berdura plazan. Esne eta gaileta ugari, lor ditzagun 365 gosari lelopean antolatu dute larunbat goizeko ekimena Irrika aisialdi taldeko gazteek eta Amasa-Villabonako Elkartasun Sareko kideek elkarlanean. “Elikagaiak eramaten dituenak, trukean Elkartasun Sareak hilabeteotan pilatutako jostailu, mahai jolas, kirol material edo liburuak eramango ditu bueltan”, azaldu dute antola-tzaileek, eta, bide batez, herritarrei ekimenean parte hartzeko deia luzatu nahi izan diete. 10.00etan hasi eta 13.30ak bitartean izango da azokara elikagaiak eramateko aukera.

Irrika aisialdi taldeko kideek azaldu dute larunbateko azokak izango duen funtzionamendua. “Esnea edo gaileta paketeak eramaten dituenak, trukean koloretako txarteltxoak jasoko ditu eta gero, informazio puntuan txartelak aipatutako materialengatik aldatu ahal izango ditu”, azaldu dute. Pasa den asteko aurkezpenak ere, 2023ko ekimenen balantzea egiteko balio izan zuen. Izan ere, 1.371 elikagai poltsa banatu ziren iaz eta janari poltsa bakoitza oinarrizko elikagaiekin osatu zuten. Horrelako ekintzekin, aurten ere “beharrak dituzten familiei laguntzen jarraitzea” da helburu nagusia.