Itaiak Tolosako Inauterietan eraso homofobo bat egon zela salatu du. Adierazi duenez, lau mutil gaztek irain homofoboak egin zizkieten beste bi mutil gazteri Montezkue auzoan. Erasotzaileen jarrera oldartzen joan zen heinean, “erasoa jaso zuten gazteek larrituta ihes egin behar izan zuten erasoaren intentsitatea igotzeko beldurrez”. Tolosaldeko Itaiatik babesa eta elkartasuna helarazi diete erasotuei eta hauen ingurukoei. “Horrelako eraso homofoboak ez dira inondik inora ere egoera isolatuak eta zapaldutako kolektiboen aurkako jarrera erreakzionarioak, eta bereziki gazteetan ematen ari den gorakadak, larritasun handiko problematikak dira”, adierazi dute.

Antolakundeak gogoratu du inauterietan beste hiru eraso eman zirela, eta erasoei aurre egiteko “indarkeria kudeatzea” ez dela nahikoa esan du Itaiak. Bukatzeko, erasoek lekurik izango ez duten jendartea eraiki behar dela gehitu du.