Intujai Teatro taldeak antolatzen duen Ahoz-aho 2024 Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia abiatu zen pasa den ostegunean, otsailaren 15ean, Arrasateko Kulturate espazioan. Antolatzaileek ekitaldiaren aurkezpenean azaldu zutenez, hasiera batean otsailaren 15ean hasi eta martxoaren 23an amaitzeko zen ekimena, baina, “azkenean egitarau luze eta osatuagoa burututa”, martxoaren 27ra bitartean luzatuko da aurtengoa. Intujai Teatro taldeak Tolosako eta Ordiziako udalekin batera antolatutako jaialdiaren barruan, hilabete pasaz, ahozkotasunari lotutako 50 ekitaldi inguru izango dira Euskal Herriko 21 herritan, gehienak Goierrin eta Tolosaldean. Eskualdearen kasuan, hamar udalerritan izango dira saioak: Alegia, Amezketa, Asteasu, Belauntza, Elduain, Irura, Ibarra, Lizartza, Tolosa eta Zizurkil.

Aurkezpen ekitaldia egiteko garaian May Gorostiaga Intujai Teatro taldeko zuzendariak aurreratu zuenez, Euskal Herriko zein atzerriko puntako ipuin kontalariak elkartuko ditu jaialdiak. “Atzerriko figurek kontatzeko dituzten beste modu batzuk ezagutu eta zubiak eraikitzeko aukera eskaintzen du, modu honetara gure jaialdiak, eta horretaz gain, gure kultura nolabait ere zabaltzeko alea jartzen ari garela iruditzen zaigu. Lana suposatzen duen arren, oso pozgarria da gure-tzat”, izan ziren Gorostiagak aurkezpenean esandakoak. Hizlarien %70 euskaldunak izango dira; gainerakoan, Aldo Méndez kubatarra, Nelson Calderón kolonbiarra, Céline Rainoird frantziarra edo Vera Makucevica letoniarra ere arituko dira kontakizunak egiten. Gainera, azken honek, Vera Makucevica letoniarrak, txotxongiloak erabiliz euskaraz egingo du bere emanaldia, eta, antolakuntza taldearen ustetan, “nabarmentzeko moduko ekitaldia da”.

Quebeceko (Kanada) artisten presentzia ere izango du Ahoz Aho Ahozkotasunaren jaialdiak. Berceurs du Temps konpainiak Kulunka Denbora emanaldia egingo du Arrasaten. Sehaska kantak biltzen ari dira eta 80tik gora hizkuntzatan dituzte. Jaialdira datozela aprobetxatuta, euskarazko sehaska kanta batzuk grabatuko dituzte. Emanaldian, kulunka batzuk jartzen dituzte entzuleak bertan eseri daitezen, eta kulunkatu bitartean sehaska kantak entzun ditzaten. Quebecetik datorren Marta Sáenz de la Calzada ere izango da jaialdian. Leonen, Espainia, jaioa, frankismoan emigratu zuen hara eta bertan finkatu zen. Bere aita, Luis Sáenz de la Calzada, La Barraca antzerki taldeko kidea izan zen, Federico García Lorcarekin batera. “Jaialdira datozenak ez dira bakarrik beraien lanengatik etortzen; pertsona hauek altxor handiak dira guretzat”, azaldu zuen Gorostiagak aurkezpenean.

Baina, esan bezala, jaialdiaren baitan ospatuko diren 5 ekitaldiak Euskal Herriko zein eskualdeko herrietan banatuta izango diren arren, Tolosako Udaleko kideek ere nabarmendu nahi izan dute Tolosan izango direla jaialdiaren ekitaldirik garrantzitsuenetariko batzuk. Izan ere, Tolosan egingo diren ekitaldietatik azpimarragarria da, besteak beste, martxoaren 13an, 09.00etatik aurrera, ospatuko den haurren Ahozkotasunaren Gala Nagusia. Leidor aretoan eskainiko da, Tolosako LH4 mailako ikasle guztiei zuzenduta. Ekitaldian Euskal Herriko zein nazioarteko sei kontalarik hartuko dute parte eta helburua da kultura zein mundu ikuskera ezberdinak aurrez-aurre jartzea, elkar-ezagutzea eta harremanak ezartzea.

VIII. Euskal Kontalarien Topaketa eta Urrezko Kalabaza Sariak ere Tolosako Amarotz auzoko etxean ospatuko dira, martxoaren 23an, 09.30etatik aurrera. Dorleta Kortazarrek gidatuko du saioa eta parte hartuko dute, besteak beste, Maider Galarza kontalariak, Iban Perret musikariak, Ixabel Millet idazle eta kontalariak eta Paul Urkijo zinema zuzendariak. Azken honi eskainiko zaio, gainera, aurtengo Urrezko Kalabaza saria, antolatzaileen hitzetan “ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko duen gaitasunagatik”. Behin sariak banatuta, 12.30etan Kanadako Berceurs du Temps konpainiak Kulunka Denbora emanaldia eskainiko du. Emanaldian, kulunka batzuk jarriko dituzte en-tzuleak bertan eseri daitezen, eta kulunkatu bitartean sehaska kantak entzun ditzaten.