Zu Mas Zaindu Zumarragako Piedad kaleko gizarteratzeko enpresak 21 lanpostu sortu ditu martxan jarri zenetik. Enpresa hori Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak jarri zuen martxan, Zumarragako Udalaren laguntzarekin.

Mikel Serrano alkateak eta Astrid Lopez de la Serna fundazioko kudeatzaileak prentsaurrekoa egin zuten asteartean orain arte egindako lana ezagutzera emateko. Ekitaldian Teresa Hernandez fundazioko kudeatzaileak, Izaskun Zabalo Zu Mas Zainduko kudeatzaileak eta Rosa Maiza eta Arantxa Gonzalez zinegotziek ere parte hartu zuten.

De la Sernak orain arte egindako lanaren berri eman zuen. “Langabetuen profila aztertu genuen eta gizarte arloan lan egin zezaketela ikusi genuen: etxez etxeko laguntza, konpainia, estimulazio kognitiboa... 2022ko maiatzean ekin genion baztertze arriskuan zeuden pertsonak kontratatzeari. Oso pozik gaude, Zu Mas Zaindun 21 pertsona baititugu lanean eta bezero batzuk langile gehiago eskatu baitizkigute. Lortuko dizkiegu, noski. Guztiak emakumezkoak dira eta kalitatezko enplegua lortu dute. Kualifikazio baxua zuten eta formazioa eskaini diegu. Aurki estimulazio kognitiboaren alorrean lan egiten hasiko gara eta urte amaierarako 25-30 langile izatea espero dugu”.