Irungo Udaleko Euskara Arloak eta ikastetxeek bihar abiatuko dute Euskararen Hilabetea. Martxoaren 14an Irundik aterako den Korrikari keinu eginda, aurten ospatuko den festaren leloa Euskararekin batera, korrika! izango da.

Nuria Alzaga Euskara zinegotziak azaldu duenez, Euskararen Hilabetearen helburua sorkuntzaren eta euskarazko kultur produktuen kontsumoaren bidez haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera indartzea da. Hala, orotara 3.300 ikasletik gora pasatuko dira eskola orduetan Amaia Kultur Zentroan eskainiko diren antzerkiez gozatzera. Horretaz gainera, DBH3koek Mintzodromo Gaztea ere egingo dute Palmera Monteron eta dagoeneko 400 bat parte-hartzailek eman dute izena.

Bestalde, Euskararen Hilabetearen barruan helduentzat ere antolatu diren bi berritasunak azpimarra-tzekoak dira: bihar egingo den Bizkarsoro filmaren proiekzioa eta martxoaren 6an Imanol Epeldek eskainiko duen Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai? hitzaldia.

Bihar ikusi ahal izango den Bizkarsoro filma iazko Zinemaldian estreinatu zuten eta urtarrilean Euskal Herrian barnako birari ekin zioten, herri eta hirietan proiekzioak eginez. Hala, bihar Irunen proiektatuko dute, Amaia KZko auditorioan, 19.00etan. Doako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Irun.org webgunean, Luis Marianoko Turismo Bulegoan eta Amaia KZko leihatilan. Pertsonako lau sarrera har-tzeko aukera izango da gehienez.

Ohikoa denez, Irungo ikastetxetako Haur Hezkuntza, Lehen Hezkun-tza eta DBHko ikasleek antzerkiez gozatzeko aukera izango dute, eskola orduen barruan programatu diren antzerkiekin. Hauen bitartez gai desberdinen inguruan hausnartzeko aukera izango dute, hala nola parekidetasuna, arrazakeria, indarkeria, mundu digitala edo errespetua…).

Euskararen Hilabetea borobiltzeko, aurten ere Mintzodromo Gaztea egingo da Palmera Monteron martxoaren 15 eta 22an. DBH 3ko ikasleei zuzendutako jarduera da, eta jolas eta dinamika desberdinen bidez, iritziak partekatzeko aukera izango dute beste ikastetxeetako ikasleekin harremantzen diren bitartean.

Bukatzeko, aipatu behar da Irungo haur eta gaztetxoen sorkuntza lanak plazaratzeko helburuarekin, Irunero bereziak argitaratuko direla. Aldizkari batek HHtik LH4ra bitarteko ikasleen lanak bilduko ditu, eta besteak LH5etik DBH4ra bitartekoenak.