Ostegun osoa festan pasa ondoren, tolosar batzuk ohean edo ajea pasatzeko asmotan hasi zuten Ostiral mehea. Bitartean, ordea, kalean ez zen jendea falta, beti baita festarako gogoa inauterietan.

Ostiral Mehea da, Larunbatekoarekin batera, behar bada, Inauterietako festa egunik lasaiena Ostegun Gizeneko ospakizun handiaren ondoren, baina beti da festarako aitzakiaren bat. Ozenki taldeko txistulariak urtero atzoko egunarekin izaten duten hitzordua betez, doinu alaiez bete zituzten kaleak 11.30etatik aurrera. Iluntzean, berriz, danborradak jarri zuen festa giroa Tolosako Alde Zaharrean.

Ostiral Meheko saio nagusietako bat da danborrada. | ARGAZKIA: N.G.

Urteak pasa ahala jendetsuagoa bilakatzen ari da txistularien topaketa, eta atzokoan ere 60 txistularitik gora bildu ziren kalejiran. Ion Garmendia musika eskolako txistu irakasle eta taldeko zuzendariak azaldu zuenez, taldea oso pozik dago azken urteetan irteerak izan duen hazkuntzarekin. “Azken urteetan ikaragarri hazi gara. Hernanitik, Donostiatik, Iruñatik… eta beste zenbait tokitatik ere etortzen dira gurean parte hartzera”, azaldu zuen harrotasunez Garmendiak. Arratsaldean berriz, gaztetxoenek zezen plazako saioaz gozatu zuten 16.30etan, Kabi Alai txarangaren laguntzaz. 19.30ak aldera, danborrak izan ziren nagusi Alde Zaharrean Aurrerak antolatzen duen danborradan. Leidorren ere, urteroko egitarauarekin jarraituz, Arpegi taldeak bere ohiko ikuskizuna eskaini zuen. Egunarekin amaitzeko, txosnagunean kontzertuak izan ziren eta Jainekin Txarangak kaleak girotu zituen.

Ozenki Taldeak kalejira egin zuen atzo goizean. Mikel Lakunza

Gaurkoa ere egun “lasaia” izango da. Buruhandi eta erraldoiak izango dira 11.00etan, eta dantzari txikiek Inauterietako dantza ezberdinak eskainiko dituzte. Arratsaldean berriz, danborradek hartuko dituzte kaleak.