Gaur eta bihar ospatuko dira inauteriak Urnietan. Gazteentzako zein publiko orokorrentzako ekitaldiak eskainiko dira.

Honela, gaur 17.00etatik 20.00etara, 2008 eta 2012 artean jaiotako gazteentzako inauteri festa izango da gaztelekuan.

Bihar, Idiazabal kalea oinezko bihurtuko da 11.00etatik aurrera, Arantzubitik Goimendiraino.

14.30ean herri bazkaria egingo da Plazido Muxikan, Poxta Zaharrek antolatuta. Euria egiten badu, Egapera lekualdatuko da.

17.00etatik 19.00etara, mozorro-kalejira egingo da, Bosko Anitz txarangak lagunduta, San Joan plazatik abiatuta. Amaieran mozorro originalenak aukeratuko dira. 18.00etatik 20.00etara, Kitadelpare txarangak kaleak alaituko ditu.

Eguna ixteko, 19.00etatik 21.00etara eta 22.30etik 00.30era, Abiba Disko Jaia egingo da Zaldundegi plazan. Ekitaldia Egapera eramango da eguraldi txarra izanez gero.