Oiartzungo Osoko Bilkurak aste honetan Altzibarko ALT-6 sektorean, Agerrealde eta Aduriz artean, egingo dituzten etxebizitza tasatuetan izena emateko oinarriak adostu dituzte.

Hamabi etxe izango dira: bi logelako bost etxe (70 m2 ingurukoak), hiru gelako sei (87 m2-koak) eta izaera iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako bat. Garajea eta trastelekua izango dute denek. Hiru logelako etxebizi-tzetan lau pertsona edo gehiagoko bizikidetza unitateek izango dute lehentasuna.

Interesa dutenek martxoaren 1etik apirilaren 15era eman beharko dute izena, udaletxean bertan edo erregistro elektroniko bidez. Bakarka edo elkarrekin bizi diren edo biziko diren bi pertsona edo gehiagoz osatutako bizikidetza unitateetan egin daiteke eskaera. Udal etxebizitza tasatuen erregistroan aurretik izena emana dutenek ere eskaera aurkeztu beharko dute, etxebizitza hauen zozketan parte hartu nahi badute.

Esleipenduna izateko errolda baldintza bete beharko da: 2024ko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatuta egotea, azken hamabost urteetan bost urtez erroldatuta egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana. Genero biktimei ez zaie errolda baldintza eskatuko.