Oihana Bikuña urretxuarrak Karakterizazio eta Makillaje Profesionala gradua egin zuen eta Bartzelonako DDT efektu berezien enpresan lan egiten du. Enpresa horrek Oscar saria irabazi zuen El laberinto del fauno pelikulan egindako lanagatik eta aurten berriro Oscar sarietarako izendatu dute, La sociedad de la nieve pelikulan egindako lanagatik.

La sociedad de la nieve bi Oscar saritarako izendatu dute: Makillajea eta ile apainketa (DDT enpresak arlo horretan lan egin du) eta Nazioarteko pelikula onena. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 10etik 11rako gauean egingo da. Beste lau izendatuak Golda, Maestro, Oppenheimer eta Pobres criaturas dira. DDT enpresak La sociedad de la nieve pelikulan egin duen lana Goya sarietarako ere izendatu dute. Goyak otsailaren 10ean emango dituzte.

Aipatutako pelikula 1972an jazotako gertakari batean oinarrituta dago: errugbi talde bat zeraman hegazkinak istripua izan zuen Andeetan eta 29 lagun bakarrik atera ziren bizirik. Bizirauteko, muturreko erabakiak hartu behar izan zituzten. Pelikulan hildako eta zauritu asko ageri direnez, Bikuñak eta bere lankideek gogor lan egin behar izan zuten: zauriak, ospitale baten ikusten den hanka argala, hildakoak irudikatzen dituzten panpinak, hautsitako hanka bat… egin zituzten.