Tolosaldeako bailarako beste hainbat herritan ere ospatu ohi dituzte urtero inauteriak, eta, aurten ere, eskualdean izango dira ospakizun honekin bat egiten duten beste zenbait herri. Berastegin, besteak beste, Tolosako inauterien aurretik ospatzen dute festa. Tolosako kaldereroak izaten diren asteburuan antolatzen dituzte normalean, hain zuzen, eta aurtengo inauteriak ere gainean dituzte berastegiarrek. Aurten ere, aurreko urteetakoari jarraituz, ostegunetik hasita larunbatera bitartean mozorro festaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Ostegunetik igandera bitarteko festa egiten den arren, larunbatean izaten dute hitzordu garrantzitsuena berastegiarrek. Arbiaren igoerako pasa den urteko irabazleek bota ohi dute suziria egunari hasiera emateko, eta, behin txupinazoa botata, mozorroen desfileari ematen diote hasiera, tartean koreografiak eta antzerkiak eginez. Eguerdi partean, herriko frontoian bazkari herrikoia egiten dute. Urterokoari jarraituz, aurten ere antolatzaileek jakinarazi dute bazkariak “norberak ekarri beharko duela, eta antolakuntzak ogia, edaria, kafea eta kopak jarriko dituela”.

Baina Berastegi ez da inauteriak ospatzen dituen herri bakarra. Lizar-tzan, Baliarrainen, eta Ikaztegietan ere egiten dute festa. Inauteriak bi asteburuetan banatuta ospatzen dituzte lizartzarrek, Tolosako Inauterien aurreko bi asteburuetan, hain zuzen. Aurten asteburu honetan eta otsailaren 2, 3 eta 4an ospatuko dituzte. Baliarrainen berriz, duela bi urte egin zuten lehen aldiz mozorro festa, eta aurten ere otsailaren 4ean ospatuko dute. Eta Ikaztegietan ere, Erraldoi eta buruhandien konpartsak girotuko ditu kaleak ostiral mehean. Hau da, otsailaren 9an, hain zuzen.