Ordizia Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia antolatu dute Intujai Teatroak, eta Ordiziako eta Tolosako Udalek elkarlanean. Otsailaren 15ean hasi eta martxoaren 27ra arte luzatuko da. Jaialdiaren baitan, Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa burutuko da, hamabigarren edizioa dena, Ordizian. “Istorio bat, ipuin bat… kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa da”, azaldu dute antolatzaileek. Saioa otsailaren 17an izango da, D’Elikatuzen, arratsaldeko 19.00etan.

Parte-hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutuko iraupena izango du gehienez. Hiru narratzaile sailkatuko dira, epaimahaiaren eta publikoaren botoaren bitartez, Ahozkotasunaren Gala Nagusirako. Azken gala handi hau Barrena Jauregian egingo da, martxoaren 22an, arratsaldeko 19.00etan. Hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte bertan berriro.

300 euroko saria eskuratuko du irabazleak; 200 eurokoa bigarren sailkatuak; eta 100 eurokoa hirugarren postua lortzen duenak. Epaimahaiaren eta publikoaren esku egongo da sailkapena.

Izena emateko, lehiakideek e-mail bat bidali behar dute, otsailaren 10a baino lehen, intujai@gmail.com helbidera. Seinale gisa 20 euro ordaindu behar dira.