Oiartzun Oiartzungo Udalak energiaren erabilera efizienteagoa izan eta kontsumoa gutxitzearen aldeko apustua egin du. Horrela, Elorsoro kiroldegian, Madalensoron eta udako igerilekuan erabiliko den elektrizitate guztia berriztagarria izango da hemendik aurrera, atzo Udalak jakitera eman zuenez.

Udalaren energia kontsumoaren zati handiena, %70, herritarrei zerbitzuak emateko dituen eraikin ezberdinetan erabiltzen da; %26 kale argiterian eta gainontzeko %4 udal ibilgailuetan. Eraikinen artean kiroldegia da gehien kontsumitzen duena, guztietan erabiltzen den energiaren ia erdia, hain zuzen ere. Elorsoro eta beste kirol instalakuntzak jasangarriagoak izan daitezen, elektrizitatea hornitzeko kontratuan berrikuntzak sartu ditu Udalak, erabiltzen den elektrizitate guztia berriztagarria izan dadin.

Hortaz, instalakuntza hauetako elektrizitate hornidura kontrata-tzeko prozesu berria egin du Udalak eta %100 iturri berriztagarrietatik sortua izateko baldintza jarri du. Goiener kooperatiba izango da hornitzailea eta elektrizitate kontsumoa gutxitzeko aholkularitza teknikoa ere eskainiko du enpresak.

Erabiltzen ez den energia baino energia berdeagorik ez dagoenez, kiroldegiko energia kontsumoa zehatz mehatz aztertzeko sektorizazio proiektua martxan dute. Energia zertan eta zenbat erabiltzen den jakingo dutela azaldu du Ibon Mitxelenak, Ekonomia Sozialerako zinegotziak. “Horrela erabilera efizienteagorako eta kontsumoa gutxitzeko neurriak hartzeko aukera izango dugu”, esan du.

Gainera, kiroldegiko teilatuan 150 kW-ko eguzki plaka fotovoltaikoen instalakuntza ere egingo dute 2024an, Elorsoron erabiliko den energia elektrikoaren zati handi bat. “Tokian bertan eta modu berriztagarrian sortzeko eta azken finean, burujabetza energetikoan aurrera pausoak emateko”, amaitu du Mitxelena zinegotziak.