Tolosaldea Garatzenek, Piztu Tolosaldea egitasmoaren barruan, familia zaurgarriei zuzendutako kanpaina sortu du. Kanpaina honen ordezkariek diotenez, “2024ko ekainaren 30a arte, kontsumitzaile zaurgarriei zuzendutako laguntza %25etik %65ra igoko da, eta oso zaurgarrien kasuan, berriz, %40tik %80ra”.

Laguntza behar duten familiek bi bonu izango dituzte aukeran. Batetik, bonu elektrikoa dago. Etxeko faktura elektrikoan aplikatzen den deskontua da hau. Bestetik, bonu termikoa dago. Hain zuzen, berogailua, ur beroa edo sukaldea erabiltzeak eragiten dituen gastu termikoak konpentsatzeko programa da. Hala ere, bi laguntzen kasuan zenbait baldintza betetzea “ezinbestekoa” dela diote Tolosaldea Garatzeneko kideek. Baldintza guztiak ezagutzeko informazioa eskuragarri dago jada energia bulegoaren webgunean.

Azken urteetan elektrizitateari eta gasari lotutako fakturen gorakaden aurrean erantzun bat emateko asmoz, Tolosaldea Garatzenek energia-bulegoa abiarazi zuen duela urtebete. Bertako ordezkariek azaldu dutenez, “eskualdeko energia-bulegoaren helburuen artean kultura energetiko berri bat herritarren artean zabaltzea da eta horretarako beharrezkoa da lehenik eta behin herritarrak ondo informatuta egotea eta informazio hori ahalik eta gardenena izatea”.