Hamabost egunez behin izaten duten hitzorduari jarraituz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak kalera irten ziren astelehean Tolosan. Astelehen honetakoa, gainera, “berezia” izan zela azaldu dute mugimenduko kideek, sei urte bete baitziren aldarrikapenekin kalera lehen aldiz irten zirenetik. Tolosan pentsiodunak hamabostero biltzen dira Udaletxe atarian, eta astelehenean ere Harizpe, Iturri-tza, Beti Gazteak, Bizi Nahi, Duintasuna eta Oneka taldeetako kideek bat egin zuten hitzorduarekin.
Asteleheneko agerraldiak, urte hauetako guztietako aldarrikapenekin lortu dutena gogoratzeko balio izan zuen. Besteak beste, “2023ko PPren erreformaren IRP indargabetzea; Pentsio Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea; Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea” lortu dutela adierazi zuten pentsiodunek. Eguraldi txarra edo beste zenbait arazo izan dituztenean ere “kalean borrokan” jarraitu dutela gogorarazi zuten bertako kideek, eta, aurrerantzean, “pentsio publiko, duin, bidezko eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan” jarraitzeko indarrez direla ere baieztatu nahi izan zuten. Gainera, “harro” daudela ere nabarmendu zuten, “bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz, baita soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoek aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere”.
Hala ere, egindako lanaz harro egon arren, borrokan jarraitzeko hamaika arrazoi dituztela ere adierazi zuten. “Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari” azaldu zuten. Hori guztiagatik, azken sei urteetan egindako agerraldi eta aldarrikapen guztiekin jarraitu eta “premiazko eta ezinbesteko aldarrikapenak” eskatzen jarraituko dutela esan nahi izan zuten.