2024 urtea Kilometroak-en urtea izango da Azpeitiko Ikasberri Ikastolan eta Azpeitiko herrian. Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintzaren alde egiten duen ekimen honek presentzia nabarmena izango du Azpeitian urte osoan zehar. Horren adibide bat izango dugu San Sebastian jaietan. Sansebastianak festa handiak dira Azpeitian, eta hor ere parte hartuko du Ikasberri Ikastolak urtero bezala. Aurten, ikastolako haurrek Kilometroakeko logoarekin egindako zapiak eramango dituzte Danborradan, eta ohiko banderez gain, estandarte bereziak ere erakutsiko dituzte.

Urtero bezala, sukaldarien taldea eta Frantzisko Enparan generalaren jantziekin osatutako 1703ko Gipuzkoako Tertzioaren taldea aterako dira Ikastolatik. Martxa ireki-tzen, Kilometroaken logo eta leloak dituzten estandarteak eramango dituzte ikastolako ikasleek. Bertan Ikasberri Ikastolak aurtengo edizioarako prestatu duen logoaren koloreak izango dira protagonista. Horietako bakoitzak, Kilometroak 2024ko ardatz diren ideiak adierazten du: Euskara (berdea); Kulturartekotasuna (gorria); eta herrigintza (urdina).