Ahozko teknologia euskaratzeko, Gaitu Eguna antolatu dute Arrasaten
Hilaren 26rako Seber Altuben antolatu duten ekimenean parte hartzeko deia egin dute
Arrasateko euskaltzaleak batzeko eta euskara gehiago zabaltzeko helburu duen Geike taldeak Gaitu Eguna antolatu du hilaren 26rako. Gaitu hizketaren ezagutza erabiltzen duten tenkologietan euskara sustatzeko ekimena da.
“Izan ere, gero eta ohikoagoa da egunero erabiltzen ditugun gailuei (autoa, hozkailua, telebista...) aginduak hitz eginez ematea. Eta, adituen arabera, etorkizun ez oso urrunean, teklatuak desagertu eta soilik ahotsaren bitartez komunikatuko gara gailuekin", azaldu zuten Geikeko kideek. "Hartara, teknologia horiek euskaraz jakitea funtsezkoa da, gure hizkuntza teknologiaren esparruan egongo bada. Gure hizkuntza, ordea, txikia da hiztun kopuruari dagokionez, eta hizkuntzen teknologian daukan lekua ez da nahiko genukeena. Gainera, teknologia erabilienak (Siri, Alexa, Bixby...) komertzialak dira, alegia, enpresa multinazionalen esku daude. Ordainpekoak izateaz gain, hizkuntza hegemonikoetan garatuta daude, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuak baztertzen dituzte. Gainera, segurtasun arazo handiak dituzte", gaineratu zuen Aintzane Lasak.
Egoera horri aurre egiteko helburuarekin, Common Voice proiektua sortu zuen Mozillak 2017an. Hizketaren ezagutza herritar guztientzat irekia eta irisgarria izatea lortu nahi dute horrekin, eta Librezale elkartea da Euskal Herrian bere sustatzaile nagusia. "Common Voice proiektuak hizketaren ezagutzen esparrua demokratizatu nahi du, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotu batentzat hainbat abantaila ditu: ahalik eta hizkuntza gehienetan jasotzen ditu ahotsak; datu eta software librea erabiltzen du, edozein enpresa txikik erabil dezakeena bere produktuak garatzeko, eta ahots aniztasuna ere kontuan hartzen du", azpimarratu zuen Lasak.
Hala, gaur egun, ia 200 hizkuntza daude Common Voice proiektuan, euskara barne. "Orain, helburua da euskarazko ahotsen datu-base hori handitzea eta oreka bilatzea ahotsen artean. Alegia, aniztasun funtzionala duten pertsonen ahotsak edota emakumezkoenak areagotu nahi dira, gailuei irakasteko", zehaztu zuen Oskar Elizburuk.
Euskarazko datu sortan, 604 ordu daude grabatuta, 176.513 esaldi inguru, baina "askoz gehiago" behar dituztela azaldu zuten, hizketaren ezagutza "kalitatezkoa" izateko.
1.000 grabazioko ekarpena
Asmo horrekin jarri dute martxan Gaitu kanpaina, eta herritarrei parte hartzeko dei egin zieten astearteko agerraldian. Horretarako, urtarrilaren 26an Seber Altube plazan elkartuko dira grabazioak egiteko, 12.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. "Erronka moduan, ea 1.000 grabazioko ekarpena egitera iristen garen!", esan zuen Elizburuk.
Gogorarazi zuen, halaber, norberak bere kabuz ere egin ditzakeela grabazioak, honako urratsak jarraituz:
- Sartu https://gaitu.eus/ webgunean
- Klikatu "eman zure ahotsa" botoian
- Klikatu "hitz egin, grabatu zure ahotsa" esaldiaren ondoko mikrofonoan, eta segi jarraibideak.
Emakumeen ahotsak
Euskal Herriko ekimena izanik, 20 urte edo gehiago duten herritarrak daude deituta parte hartzera. Bestetik, 30 urtetik gorako emakumeen ahotsak behar dituzte bereziki, "eremu horretan baitago hutsunerik handiena".
Temas
Más en Bertan
-
EH Bildu acusa al PSE-EE de Eibar de "dejadez" hacia los vecinos de Murrategi y les anima a movilizarse
-
Getaria aprueba provisionalmente el plan urbanístico para construir 200 casas en Potzuaga-Gaina
-
Oñati: en Pake Leku se hablará sobre la importancia del cerdo
-
Que se anden al loro en Donostia y en Azpeitia, que los legazpiarras vienen pegando fuerte