Aurten ere gerturatzen doaz inauteriak, eta, urteroko ohiturekin jarraituz, Ostegun Gizeneko txupinazoa botatzeko ardura izango duen Kabi Alai Kuttuna nor izango den jakinaraziko dute ostegunean, hilaren 18an, Tolosako Udalak Kabi Alai Elkartearekin elkarlanean egingo duen aurkezpen ekitaldian. Jakinarazi dutenez, Zerkausian egingo dute saioa, 19.00etatik aurrera. “Ekitaldia Kabi Alairen Ostegun Gizeneko udalbatzako alkate eta zinegotziek gidatuko dute, eta bertan izango dira aurtengo kartelaren egilea eta Kabi Alai Kuttuna” azaldu dute antolatzaileek.

Aurtengo Kabi Alai Kuttuna aurkezteaz gain, inauterietako kartela ere iragarriko dute ostegunean egingo duten aurkezpenean, eta, adierazi dutenez, ekitaldia amai-tzean kartelaren aleak banatuko dituzte doan gerturatzen direnen artean. Ondoren, ostegun arratsaldea girotzeko helburuarekin, elkarteko txaranga kalez kale ibiliko da, “inauteriak ate joka direla iragartzeko”. Kartelaren aleak sobratuko balira, kalejiran joan ahala gerturatzen diren herritarrei ere banatuko dizkiete. Ostiraletik aurrera, berriz, herriko saltoki eta tabernetan banatuko dituzte kartelak; kultur etxean ere ale gehiago jarriko dira eskura.