Sskualdeko beste herrien antzera, onartu dituzte 2024 urterako aurrekontuak Alegian, eta, azaldu dutenez, Udalak 3.569.814 euroko aurrekontua izango du. Pasa den urtearekin alderatuz, 89.000 euro gehiago izango ditu aurten.

Aurreko urteko abenduaren 21eko ohiko osoko bilkuran onartu zuten aurrekontuaren proiektua, Aurrera Alegia taldearen aldeko bost botorekin. EH Bilduko 3 ordezkariek, berriz, abstentziora jo zutela azaldu dute Udaleko kideek. Gainera, Alegiako alkate den Regina Sorarrainek azaldu duenez, aipatutako kopuruaz gain, hainbat dirulagun-tza eskatu ditu Udalak, baina, oraindik, “erantzunaren zain” daudela dio. “Ebazpen horien emaitzak baldintzatuko du urtearen bilakaera. Lan garrantzitsuak datoz, eta erronka handiei egin beharko diegu aurre” baieztatu du Sorarrainek. Aurtengo aurrekontuaren 400.000 euro inguru aurreko legealditik datorren obra batera bideratu dituzte; hain zuzen, Larraitz auzoko ekialdeko lanetara. 2023ko aurrekontuetan ere udaleko bi taldeek adostuta, kreditu aldaketa bat egin zuten eta milioi bat eta erdi gorde zituzten; beraz, denera, bi milioi inguruko aurrekontua izango dute lanek. Horrez gain, alkateak azaldu du Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza bat eskatu dutela, eta ebazpen horren zain jarraitzen dutela oraindik.

Aurrekontuetako beste helburuetako bat osasun zentroaren “berri-tze integrala” ere badela azaldu dute Udaletik. Horretarako 50.000 euro ditu gordeta Alegiako Udalak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 246.000 euroko dirulagun-tza ere bideratu du. Guztira, beraz, 300.000 euro ditu udalak proiektua aurrera eramateko. Bi proiektu nagusi hauetaz gain, “azpiegitura inbertsioak indartu” eta “gazteen kirol aukerak zabaltzen” ahaleginak egingo dituztela baieztatu du Sorarrainek.