Tolosako Udaleko kideek adierazi dutenez, aurten, ostiraletik aurrera, hirugarren urtez, Tolosako Jabetze Eskolako ikasleen artelanen erakusketa ikusgai egongo da Aranburu Jauregian.

Antolakuntza taldetik esan digutenez, “Sorkuntza artistikorako eta ahalduntze indibidual eta kolektiborako izan diren lau ikastarotan sortutako lanekin” osatutako erakusketa da EmakumeARTEan izeneko erakusketa. Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta gozatu! ilustrazio ikastaroak, Xilografia tailerrak (linolio gainean): sormena eta aldarrikapenak plazara!, Nuestras emociones pintadas pintura ikastaroak eta Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik argazki tailerrak osatzen dute, hurrenez hurren, lana bere osotasunean. 56 ikaslek sortutako 245 obra jasoko dira guztira.

Udaleko ordezkariek diotenez, inaugurazio ekitaldia ere izango du aurten hirugarrenez egingo den erakusta honek. Izan ere, urtarrilaren 12an zabalduko ditu ateak EmakumeARTEan erakusketak eta ikusgai egongo da, Aranburu Jauregian, otsailaren 3a bitarte, asteartetik larunbatera, 17.30etatik 20.30etara, jaiegunak itxita. Eta, ostiralean, hilaren 12an, inaugurazio ekitaldia egingo da, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Antolatzaileek diotenez, bertan izango dira, ekitaldia girotzen, Ane Urbizu akordeoi jolea eta Itziar Vargas biolin jolea. EmakumeARTEan erakusketak Jabetze Eskolako lau ikastaro desberdinetako lanak batzen ditu. Esate baterako, ilustrazio tailerreko lanei dagokienez, teknika hainbat ikasiz, (akuarela, marrazketa, collagea, estanpazioa...) sormenenerako duten ahalmenera hurbildu dira parte hartzaileak. “Tailer hau partekatzeko eta sormenarekin esperimentatzeko topagunea izan da eta erakusketan prozesu guztiaren emaitza ikusi ahal izango da”, azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Xilografia lanetan, halaber, an-tzinako teknika honen bitartez, hitzak, irudiak, aldarrikapenak, amets eta desioak linoleo gainean grabatu dituzte parte hartzaileek, eta ondoren paper eta oihal gainean estanpatu. Nuestras emociones pintadas pintura tailerreko ikasleek, bestalde, barne hausnarketa baten bidez, “norbere buruari ikusten dizkioten indarguneak eta emozioak” margotu dituzte, mandaletan zein abstrakzioetan, “autoezagutza eta autokontzientzia handiagoa lortuz”. Pili Aguado (ilustrazioa) Oihana Ugarte Iriarte (xilografia), Leire Markinez Calvo (pintura) eta Ura Iturralde Larrañaga (argazkilaritza) izan dira ikastaro horietako irakasleak.