Urretxu eta Zumarragako udalek 2024ko arte eszenikoen egitaraua aurkeztu dute. Helduentzako bederatzi saio eta haurrentzako zazpi antolatu dituzte aurten. Helduei dagokienez, lehen saioa Jon Plazaola aktore urretxuarrak eskainiko du: Tu-tum, platz! bakarrizketarekin, otsailaren 2an Zelai Arizti aretoan.

Tu-tum, platz! bakarrizketa berak idatzi du eta bere bizipenak ditu oinarri. Dagoeneko hainbat herritan taularatu du. Zumarragako emanaldia otsailaren 2an izango da, 20.15ean, Zelai Arizti aretoan. Helduentzako emanaldi guztiak ordu eta toki berean izango dira. Hilero emanaldi bat izango da, uztailean eta abuztuan ez ezik. Martxoaren 1ean Olatz Gorrotxategik Mierda de ciudad lana eskainiko du.

Udaberriko emanaldiei dagokienez, apirilaren 5ean La pulga flamenco taldeak Berriketan musika eta dantza ikuskizuna eskainiko du. Maiatzaren 3an El mono habitadok Guapa lana antzeztuko du eta ekainaren 7an Kamikaz kolektiboak eta Ttak antzerki taldeak Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi.

Hurrengo emanaldia irailekoa izango da: irailaren 6an Khea Ziater taldeak La sed del minotauro lana antzeztuko du. Azken hiru saioak udazkenean izango dira: urriaren 4an Txalo taldeak Kanpora sartzen antzeztuko du, azaroaren 8an La dramatica errantek Yerma eta abenduaren 5ean Tartean taldeak Kortxoaren dilema.

Sarrerek 10 euro balio dute. Gazte Txartela dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute eta Zelai Ariztiko leihatilara antzerki saioaren egunean 19.45etatik 20.15era jotzen duten 30 urte azpikoek 5 euro. Bonuak hilaren 15ean, 17an eta 20an jarriko dira salgai. Lan guztiez goza-tzeko aukera ematen duenak 70 euro balio du eta euskarazko saioetarako bonuak 35 euro.

Hilaren 15ean 2023ko bonua mantendu nahi dutenen txanda izango da. Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute eta iazko bonua aurkeztu: 10.00etatik 13.30era eta 15.00etatik 18.30era.

Hilaren 17an, iazko bonua eduki arren, aldatu nahi dutenen txanda izango da. Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute, ordutegi berean. Bukatzeko, hilaren 20an aurten lehenengoz bonua erosi nahi dutenen eta euskarazko saioetarako bonua erosi nahi dutenen txanda izango da. Horiek ere Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute, baina 10.30etik 13.00etara.