Asteburu honetan pasa den urtean hil ziren bi herritar omendu zituzten Urretxun: Angel Erratzu, herri kirol zalea eta zinegotzi ohia eta Luis Mari Perez Goierri kirol elkarteko kideak alegia.

Erratzu larunbat arratsaldean omendu zuten, Ederrena pilotalekuan. Urretxuar honek oso gogor lan egin zuen herri kirolen alde eta Golden sokatira taldearen bultza-tzaileetako bat izan zen. Urretxuko sokatira taldea onenen artean aritu zen 1980ko hamarkadan eta nazioarte mailan ere lehiatu zen. Erratzu zinegotzia ere izan zen, EAJ alderdiarekin.

Angel Erratzuri esker onez jaialdian aizkolari eta sokatira talde beteranoek parte hartu zuten. Aizkoran, Arrospide eta Ugarteburu, Elorriaga I eta Jaunarenaren aurka lehiatu ziren. Sokatiran, berriz, Golden, Nuarbe eta Mutriku taldeak elkarren aurka lehiatu ziren.

Omenaldia Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak eta Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu zuten. Omenaldiaren hasieran Erratzuri buruzko bideoa eman zuten eta sokatira taldeek eta Urretxu eta Zumarragako udalek oroigarriak oparitu zizkieten omenduaren alargunari eta seme-alabei. Amaieran pilotalekuan elkartutako guztiek Erratzuren omenezko kanta bat abestu zuten, Uxue Kerejetarekin.

Igandean, berriz, senitartekoek eta lagunek Luis Mari Perez Pitxin urretxuarra omendu zuten Jose Mari Lasa plazan (Goierri kirol elkartearen egoitzaren ondoan). Iñaki Mendiarazek eta Jesus Mari Dominguez Bullik txalaparta jo zuten, Amaia Iturriotzek eta Gorka Azkaratek bertso batzuk abestu zituzten, Azkaratek Perezen omenezko testu bat irakurri zuen, Lurra taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatu zuten, Goierri elkartearen sail ezberdinetako ordezkariek familiari lore sortak oparitu zizkioten eta Iñigo Peñagarikanok eta Juan Luis Aranburuk Xalbadorren heriotzean kanta jo zuten. Bertan bildutakoek beraiekin abestu zuten.

Perez abenduaren 8an hil zen. Herriaren alde egindako lanagatik, baina batez ere bere jatortasunagatik zen ezaguna. Lanbidez anbulan-tzia gidaria izan zen eta 2022ko udaberrian hartu zuen erretiroa. Gai-tzen bat zutenen gidari kuttuna zen jendea alaitzeko zuen erraztasunagatik eta Nagore eta Asier seme-alabek bere bidea jarraitu dute: biek anbulantzietan lan egiten dute, larrialdietan.

Herrigintzan, Perezek Goierri kirol elkartean eta San Martin eguneko festan lan egin zuen, besteak beste. Urtarrilaren 1ean Irimon egiten den festan ere laguntzen zuen eta, hala, atzoko ekitaldian ere Pitxin gogoratu zuten.