Oiartzungo Udalak Klima eta Energia plana aurkeztu du herri jasangarriagoa eta arduratsuagoa izateko asmotan. Energia burujabetzan aurrerapausoak eman eta klima larrialdiari aurre egiteko proposamenak jasotzen dituzte. Pasa den urteko berotegi efektuko gas isurketak %40 murriztea eta sortzen den hondakin kopurua %15 jaistea lortu dira helburu nagusietako batzuk.

Aurkezpenean azaldu zutenez, 64 ekintza konkretu proposatu dituzte eta hauek lau ardatz estrategikotan banatu dituzte: Oiartzungo sektore ezberdinetan energia eraginkortasuna bultzatu eta berriztagarrien erabilpena sustatu; klima-aldaketa arintzen laguntzen duen herria lortu; klima-aldaketaren inpaktuen jarraipetan egiten duen eta beharrezko konpromiso klimatikoa erakusten duen herri erresilientea erdietsi; eta energia trantsizioan udal eredugarria izan.

Diagnostikoa egin eta ekintza proposamenak jasotzeko herriko hainbat eragile eta bizilagunekin elkartu da Udala eta bidea elkarlanean egiten jarraitu nahi du, “herritar guztion artean egingo baitiegu aurre klima aldaketak jartzen dizkigun erronkei”, nabarmendu zuten.

Diagnosian ateratako ondorio garrantzitsuena berotegi efektuko gasak direla klima aldaketaren erantzule nagusiak izan zen.

“Azken 40 urteetan 1,2º igo da Oiartzungo batez besteko tenperatura eta prezipitazio kopuruan behera egin du”, aditzera eman zuten. “Neurririk hartuko ez bagenu mende amaierarako 4,5º igoko litzateke tenperatura”, esan zuten

Horiek horrela, “mugikortasun ereduan aldaketa sakonak bultzatzea eta energia trantsizioan eta elikadura burujabetzan pauso sendoak ematea ezinbestekoa dugu ondorio hauek gutxitzeko”, baieztatu zuten aurkezpenean.