Norvegiako erregina; Batera hegan; Burugogorra; Itoak; Zulostrich; Qué dura es la espera; Gorlako trena, Barneko otsoa, Ekialde hurbila; Apokalipsi plastikoa… Loratzen izenburu duen diskoaren kimuetako batzuk dira. Bergarako musika eszenari balioa eman eta hura ezagutzera emateko asmoz, herriko 23 talde batu dira lan honetan. Datorren ostiralean aurkezpen kontzertua egingo dute ikusleen aurrean. Hitzordua Seminarixoko taula gainea izango da, 19.30ean (doan).

Amaia Santamaria artista bergararrak diseinatu du diskoaren azala.

“Horrelako proiektu batean parte hartzeak aukera ematen du herriko musikarientzako eta zuzenean ari-tzen garen taldeentzako elkargune bat sortzeko. Gainera, Udalaren babesa jasotzea ere pizgarria da gure proiektuekin eta helburuekin aurrera jarraitzeko”, adierazi du Unai Azkaratek (Azkaiter Pelox).

Ez da lehen aldiz halako bilduma bat kaleratzen dela Bergaran. “Astindu Bergarako fanzine moduan disko bikoitz bat atera genuen, eta 2008an, Txaparrada musikalarekin zuzeneko grabaketa bat egin genuen kartzela zaharrean, 20 talde baino gehiagoren partaidetzarekin. Oraingoan, Loratzen egitasmoarekin ikustea berriro argazki musikal honen haziak bere fruitua emango du”, gaineratu du Azkaratek.

Askotariko estiloak jasotzen ditu dagoeneko kalean dagoen diskoak; hainbat belaunalditako taldeen ekarpenekin, herrian dagoen aberastasun musikalaren erakusle: trikitixa eta panderotik hasita punk gordineraino, rock&rolla, folka, bluesa edo elektronika barne.

“Bergarak musikalki daukan aberastasuna islatu nahi izan dugu, eta uste dugu disko bikoitz hau horren adibide dela. Daturik esanguratsuena da 23 taldek parte hartu dutela lan honetan, bakoitzak abesti batekin. Beraz, deialdiak jaso duen emaitzaren balorazio positiboa egiten dugu; Bergarak duen musika maila izatea oso harro egoteko modukoa da”, esan zuen Maite Usabiaga zinegotziak.

Ekoizpen osoa herrian

Diskoa bere osotasunean Bergaran egina da. Izan ere, Labegaraietan dagoen Auryn estudioko soinu ingeniari Tristan Iñiguezek grabatu du, eta Amaia Santamaria artista arduratu da azala eta irudiak diseinatzeaz. “Lan luzea bezain mardula izan da, baina izugarri ikasi dut prosezuan zehar, askotariko estiloekin eta instrumentuekin lan egiteko aukera izan baitut”, zehaztu zuen Iñiguezek aurkezpenean.

Dena den, proiektua ez da hemen geratzen eta Azkaratek azaldu duenez, blog batekin osatu nahi dute. Sarean eskuragarri ipiniko duten erakusleiho honek talde bakoitzaren informazioa eta argazkiak bilduko ditu.

Baina aurretik, ostiral honetan aurkezpena egingo dute Seminarixoko oholtza gainean. Eta gogotsu daude: “Gure musika publikoarekin partekatu nahi dugu”, nabarmendu du Azkaratek, Diablues eta Blueziferreko musikariekin kantu batzuk joko dituela aurreratzen duen bitartean. Low Cost Deluxe, Hegazkin eta Fango taldeen emanaldiekin ere gozatzeko aukera izango dute entzuleek.

Proiektuan esku hartu duten gainontzeko taldeak honako hauek dira: Amustei; Arragoa; Asanblada Autoritarioa; Aztarna Uzten; Baykat; Bertso Eskola; Blind09, Steezy; DBQ; Egino J; Fly Shit; Golden Blend; Harria; Hegazkin; Josu eta Maita; K-Po; Ktarsia; Lemak; Orhi eta Ttipika.

Diskoa udal liburutegian eta Laboratorium museoan salgai dago, bederatzi euroren truke.