Tolosako Alde Zaharreko bizilagunen Elkarteak azken urteetan martxan jarritako “mobilizazioei esker” mahai gainean jarritako helburuak lortu dituela adierazi du aste honetan bertan argitaratutako prentsa ohar baten bitartez. Izan ere, adierazi dutenez, batetik, udal gobernuak argi eta garbi adierazi du Zumarditxikiko lanak ez direla hasiko aparkalekuaren alternatiba erreala landu arte, eta, beraz, berehalakoan hastera zihoazen lanak gelditu dituzte. Bestetik, Tolosako Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala garatzeko prozesua martxan jarri du Udalak elkarteak eskatu bezala. “Denbora luze joko duen prozesua izango da, eta bizilagunon parte-hartzea ezinbestekoa izango da gure kezkak behar bezala lantzeko” gaineratu dute.

Mobilizazioen baitan ezarritako bi helburuak lortuta, auzotarren azken batzarrean adostasun zabalarekin hartutako erabakia plazaratu nahi izan du bizilagunen elkarteak. “Plastikoak gordeko ditugu, momentuz. Erabaki hau hartu genuen, bi eskaera zehatz eginez jarri genituelako plastiko gorriak. Eta gure eskaerei kasu egitea lortu dugunez, gure kaleek ohiko jantzia errekuperatzeko garaia da orain” azaldu dute.