Urnietako Udalak San Tomas Jaiaren ospakizuna berreskuratuko du, bertako hainbat eragile eta ekoizlerekin elkarlanean. Hainbat urtez egin gabe egondako jai hau, urnietarren gozamenerako programazio berezi batekin itzuliko da gaur.

Ekitaldia San Juan plazan egingo da, 17.00etatik 19.00etara. Arratsaldean, Km 0-ko tokiko ekoizleek asteroko produktuak banatuko dituzte, eta, gainera, produktu sortak salgai jarriko dituzte. Bertako produktuen artean, barazkiak, haragiak, frutak, gaztainak eta inguruko beste produktu batzuk aurkitu ahal izango dira. Gainera, sagardo dastaketa eskainiko du Altuna sagardotegiak. Arratsaldea girotzeko, bertako trikitixa eskolako ikasleek zuzeneko musika joko dute.

Bestalde, Lasarte-Orian Ttakun kultur elkartea, Udalarekin elkarlanean, azoka antolatzeaz arduratu da. Jaia 17.00etatik 20.00etara luzatuko da Okendo plazan.

Bertaratzen direnek aukera izango dute talo, txistorra eta gaztainak dastatzeko, txerria ikusteko eta zenbait emanaldiz gozatzeko: Xumela korukoek euskal kantak abestuko dituzte eta Oaintxe in deu! txarangakoek, berriz, kaleak girotuko dituzte. Antolatzaileek feriaz goza-tzera eta baserritarrez jantzita joatera gonbidatu dituzte lasarteoriatarrak.