Aurtengo gabonak geroz eta gertuago daude eta, haiekin batera, “Tolosako azokarik berezienetarikoa” ere badatorrela azaldu dute Udaleko ordezkariek. Aste honetan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, “Gabonetako Azoka berezia Eguberrietako erosketak egiteko plaza benetan aproposa da” eta, larunbateroko ekoizleez gain, beste 71 postu ekarriko ditu aurtengoan. Abenduaren 16an ospatuko da, Tolosako lau gune desberdinetan: Trianguloan, Alondegian, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko Pasealekuan.

Herriko zona horietan “larunbat goiz osoz ibiliko dira buru belarri lanean azokagileak, 9.00etatik 14.00etara” baieztatu dute Udaleko kideek. Elikagaien eta artisauen dozenaka postu izateaz gain, abereak ikusteko edota pintxoak dastatzeko aukera ere izango da, eta txistulariak ere kalez kale ibiliko dira tolosarrei goiza alaitzeko helburuarekin. Asteroko azokagileen postuez gain, hainbat berezitasun izango ditu larunbateko azoka bereziak. Trianguloan eta Alondegian elikagaiak izango dira nagusi, 30 eta 22 postu bilduz, hurrenez hurren. Udal gobernuko kideek esandakoaren arabera, “barazkiak, gozoak, ahatekiak, hestebeteak, kontserbak, ardoa, likoreak, gazta edota eztia izango dira eskuragarri”. Plaza zaharrean berriz, animaliak egongo dira ikusgai, eta San Frantzisko pasealekuan, aldiz, artisauen hamahiru postu izango dira, baita elkarteen sei postu ere: egur tailak, bitxiak, pilotak, egurrezko etxetresnak etab. izango dituzte. Egun horretan bertan, gainera, azken urteotako ohitura bihurtu denari jarraituz, udal ordezkariek konpota banatuko diete urte osoan zehar azokako hiru gune nagusietan egon ohi diren azokagileei, 10.30etan hasi eta goiz guztian zehar. Honekin amaiera emango zaio gabonen atariko azoka bereziari. Urteko azken bi azokak abenduaren 23an eta 30ean egingo dira, larunbatez, ohiko kokapenetan, Berdura plazan, Zerkausian eta Euskal Herria plazan. Urteko lehena, ordea, ostiralean egingo da, urtarrilaren 5ean, erregeen etorreraren aurretik.