Etxerik ez duten pertsonei gaueko arreta zerbitzua eskaintzen aritu da, Abegi Elkartea, 1986. urtetik. Boluntario talde batek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen lehenik dirua, hasierako urteetan eta azken urteotan Tolosako Udalak diruz lagunduta.

Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “urte horietan guztietan, boluntario talde honek garbitasuna, afaria, ohea eta gosaria eskaini die egunero bazterkeria egoera larrian dauden pertsonei, baita informazioa, orientabideak, en- tzute aktiboa eta euste emozionala ere” baina, aurrerantzean, udal eskumenekoa izango da Abegi Elkartean eskaintzen den zerbitzua, “legeak hala eskatzen duelako”. Izan ere, 2018an hasi zen Udaleko Gizarte Zerbitzu eta Osasun Saila zerbitzua osatzeko eta profesionalizatzeko urratsak ematen, eta baita gaueko eta eguneko zerbi- tzuak modu integratuan eman ahal izateko proiektua jorratzen ere.

“Zerbitzu berrian ere, boluntario taldea arreta-taldearen zutabe garran- tzitsu izango da. Urte guzti hauetan beraiek egindako lanak asko erraztu du Tolosan Eguneko eta Gaueko Arreta Zerbitzu publikoa sortzeko erabakia, Horregatik, zerbitzua osatuko duten hiru zutabeetako ezinbesteko bat izango dira boluntarioak, erabiltzaileekin eta zerbitzua gidatuko duten profesionalekin batera”, aitortu du Kristina Pelaez zinegotziak. Atzo zabaldu zituen Abegik berriz ere ateak, eta Udalak azaldu duenez, “artatua izateko izen-ematea zerbitzuan bertan egingo da, goizez, astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 10.30etara, eta arratsaldez berriz, egunero, 19.00etatik 19.30etara”. Zerbitzu osatuagoa eskaintzeko eta gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko arreta emateko helburuarekin jarraituko du lanean aurrerantzean Udalak.