Bai Hezkuntzan, bai kantagintzan, bai antzerkian, edo bai kulturgintzan… Bergaran herritar askok beraien ama hizkuntza biziberritzeko egindako lana jaso dute Izotz ondoko eguzki izenburu duen liburuan; 2020. urtean Udalak martxan jarri zuen egitasmoaren fruituetako bat da. “Bai gerra aurrean eta baita gerraostean ere, bergarar asko ibili da euskara bultzatzen. Gerraosteko mugimenduak eta lanak behar bezala jaso gabe zeuden, 50-80. hamarkaden bitartekoak, eta horixe da Udalak Badihardugu Elkarteari eskatu ziona: hainbat esparrutako pertsonak, protagonistak, elkarrizketatu, eta testigantzak lantzea, ondoren ezagutzera emateko”, esan du aipatutako elkarteko kide eta liburuaren egile den Idoia Etxeberriak.

Iaz hogei minutuko ikus-entzunezkoa prestatu eta erakusketa bat egin ondoren, orain Bergarako euskararen historia soziala ondu duen liburua aurkeztu dute. “Lehenengo, herrian gerraostean euskararen egoera zelakoa zen azaltzen da, alor bakoitzean nola aldatzen joan zen aztertu aurretik. Bergaran gertatutakoa testuinguruan jartzen ere saiatu gara: Hego Euskal Herriko egoera zer nolakoa zen; adibidez, Ez Dok Amairu, euskalduntze-alfabetatze, ikastolen sorrera....”, zehaztu du Etxeberriak.

Idoia Etxeberria (hirugarrena ezkerretik), udal ordezkariak eta liburuan parte hartu dutenak. | ARGAZKIA: GOIENA

Lanak, batez ere, lau hamarkadatan ipintzen du arreta: 1940tik 1980ra, hain zuzen. “Iruditzen zaigu kalean euskara entzutea eta eskolan euskaraz ikastea dela normalena, baina 50eko hamarkadaren akaberan eta 60koaren hasieran ez zen horrela. Bergara oso erdaldunduta zegoen eta euskararen egoera oso kezkagarria zen. Bi hamarkada hauetan izugarrizko lana egin zuten, lan nekeza eta askotan isilpekoa, eta horri esker pixkanaka egoera aldatzen joan zen. Harrigarria eta pozgarria da euskararen alde zer nolako mugimendua egon zen ikustea”, nabarmendu du egileak.

Mugarriak

Antzerkia, musika, bertsolaritza, dantza, kultur elkarteak, aisialdia, eskolak, euskalduntze-alfabetatzea… Euskalgintzan eragina izan zuten esparru desberdinak jorratzen dira liburuan. “60ko hamarkada haziak ereiteko garaia izan zela esan daiteke, eta 70ekoan eztanda moduko bat gertatu zela: ereindako hazia fruitua ematen hasiz”, dio Etxeberriak.

Garai hartan mugarri garrantzi-tsuak izan ziren Badihardugu Elkarteko ordezkariak aipatu duen bezala. “1975ean Franco diktadorea hil izana mugarri bat izan zen, zalantzarik gabe, baina aurretik ere izan ziren, oso garai zail eta ilunetan. 1959-60 ikasturtean ireki zuten gerraosteko lehen ikastola, 1968an bigarrena... Alfabetatze-eskolekin 1963. urtean hasi ziren. Ernai antzerki taldea 1965ean sortu zen eta urte horretan umeei dantza-eskolak ematen ere hasi ziren, euskaraz. Urretxindorrak musika taldea 1966an jaio zen, Ameslariak taldea 1967an... Lehenengo Olentzeroa 1969an atera zuten, eta Pol-Poleko gaztetxo taldea orduantxe jarri zen martxan... Eta 70eko hamarkadan ere mugarri asko egon ziren: Aranzadi ikastola eta UNEDeko Euskal Kultur Departamentua, esaterako”, zerrendatu du Etxeberriak.

Liburuaren orrietan euskararen bilakaerari atal bat eskaini diote, Estepan Plazaolak eta Anaje Narbaizak 1940tik 1980ra bitarteko urteak landu dituzten datu soziolinguistikoei esker, hainbat grafikok gehituz.

Eguzki printzak euskararentzat

Horrekin batera, protagonisten testigantzek pisu handia dute argitalpenean, hau da, euskalgintzan buru-belarri ibili zirenen ahotsek. “34 herritarren testigantzak jaso ditut, 33 bideoan. Egindako elkarrizketen hustuketa egitea izan da lan handiena. Izan ere, 700 bideo-pasarte baino gehiago daude sarean (www.ahotsak.eus-en). Dokumentazio-lana ere egin behar izan dugu, garai hartako historiari buruzkoa. Udalak batzorde-eragile bat sortu zuen, prozesu guztian nirekin batera lanean egon dena. Zazpi pertsonaren laguntza izan dut: Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Jaione Isazelaia, Anaje Narbaiza, Arantzazu Oregi, Eneko Oregi eta Estepan Plazaola”, azpimarratu du Deba Ibarreko Euskara Elkarteko kideak.

Lan hau gaur egungo gazteei ere zuzenduta dago. Etxeberriaren esanetan, historia ezagutzea “oso inportantea da guztiontzat, eta bereziki belaunaldi berrientzat, daukagun horri balioa emateko eta zaintzeko”. “Beti esaten da nora jo jakiteko, nondik gatozen jakin behar dela, eta halaxe da. Proiektuaren helburua herrian euskalgintzan egin den ibilbidea jaso eta zabaltzea da, eta baita protagonistei aitortza egitea ere, sarri lan isila eta ezezaguna delako”, azaldu du egileak.

Liburua dagoeneko salgai dago udal artxiboan, hamar euroren truke (Durangoko azokan eskuratzeko aukera ere izan da).

‘Berriketa-plaza’

Edonola ere, proiektua ez da hemen geratzen eta aurrera jarraituko du. “2024ko hasieran Berriketa-plaza izeneko ekimena antolatuko dugu, herritarren testigantza gehiago jasotzeko. Badira artean jaso gabe dauden gauza interesgarriak; dendarien ikuspegia, adibidez. Taldetxoka banatuta ipiniko ditugu, euskararekin lotutako bizipenei buruz berriketan, eta ateratzen diren kontuak grabatuko ditugu”, aurreratu du Etxeberriak. Bestalde, Udalak euskararen historia sozialari buruzko ikerketak bultzatzen jarrai-tzeko asmoa du, Erdi Arotik hasita.