Basterokok Secundino Etxeberria Fernández (Andoain, 1894-1970) argazkilari profesionalaren erakusketa eskaintzen du, Andoainen profesionalki heldu zion lehenengo argazkilariara izan zen. Erakusketa, abenduaren 29ra arte eskainiko da, Argazkilariaren sentikortasuna, izenburupean.

Bertan XX. mendeko 280 argazki ikus daitezke, batzuk herriko txokoak islatzen dituzte, beste batzuk herritarrak eta asko bere familiako argazkiak dira. Herriko ondarearen lekuko ahanzturatik ateratzen ditu desagertutako baserri eta zubiak.

Erakusketa hau udal artxiboak antolatu du. “Gure herriko aski ezaguna eta emankorra den familia baten partaide, Secundino Etxeberria sentsibilitate artistiko handiko pertsona genuen”, gogorazi du Karmele Otaegik, Andoaingo udal artxibari arduradunak.

“Sentsibilitate hori argi azaltzen da argazkiak egiteko moduan. Bere irudiak intimistak dira, eta are nabarmenagoa azaltzen da haurrei egindako argazkietan. Ahaztu ezinak gertatzen zaizkigu bere familia kideei hartutako irudiak”, gaineratu du Otaegik. Artxibariaren ustez, “gizon honek bazuen begirada artistiko bat”. “Ez da ohikoa horrelako argazkiak egitea 40 eta 50eko hamarkadetan”, aipatu du.

Secundino Etxeberria, argazki batean.

“Bera profesional izateagatik errenta 1950. hamarkadaren hasieran hasi zen ordaintzen, baina argazkiak askoz lehenagotik hasi zen ateratzen”, kontatu du artxibariak. Izan ere, 1920ko hamarkadako argazkiak ere aurkitu dituzte.

Etxeberria ez zen bakarrik ezaguna herrian bere kamararengatik, Andoaingo bizitza kulturalean parte-hartzaile sutsua izan zen, batez ere antzerki arloan. Euskaltzale amorratu ere bazen.

Artxibategiak Andoaingo lehenengo argazkilari profesionalari erakusketa bat eskaini nahi zion. “Badauzkagu bi fondo, Foto Moisés eta Truchuelo anaiena, eta haiek eman ziguten bere artxibo guztia”.

Moisés San José Díaz jaunaren argazki funtsa Andoaingo Udalari lagapenean uzteko hitzarmena sinatu zuen bere familiak eta 2012ko maiatzean erakusketa bat antolatu zen bere lanari esker ona adierazteko.

Urte batzuk beranduago, 2017ko apirilaren 26an, Emilio eta Ramón Truchuelok Truchuelo Argazki Funtsa doan eman zioten Andoaingo herriari, bere ondarea egoki gorde eta zabalduko duen hitzarmen baten bidez. Hortaz, haiei ere esker ona adierazteko, 2018ko azaroan erakusketa baten bidez beraien ibilbidea jakitera eman zen.

“Beti genuen arantza bat, Secundinori ez geniolako erakusketarik egin, baina bakarrik argazki suelto ba-tzuk genituen artxiboan”, gogorazi du Otaegik. Eta jarraitu du: “Baina egun batean emakume bat etorri zen beste gauza bat kontsultatzeko eta aipatu zuen bere osabak bazituela bere osabaren argazki batzuk. Osaba hau Secundino Etxeberria zen, eta senide honi pena ematen zion argazkiak berak gordetzea”.

Artxiboko langileak Secundinoren senide honen etxera joan ziren. Argazki asko zituen, baina ez zen nahiko erakusketa bat antolatzeko. “Guk eskaneatu genituen eta itzuli egin genizkion eta konturatu ginen argazki gehienak bere familiartekoen artean sakabanatuta zeudela. Orduan horiekin kontaktatzen hasi ginen, gehienak Andoainen bizi direlako, eta argazkiak ekartzen hasi ziren. Gero deialdi orokor bat egin genion herriari eta guzti horiei esker erakusketa antolatzea lortu dugu eta arantza hori kendu dugu”, azaldu du artxibari arduradunak.

“Bere senideei esker, bere argazkiak eskuzabaltasunez utzi dizkigutelako, antolatu ahal izan dugu erakusketa hau. Era berean, eta udal artxiboak egindako deiari erantzunez, zenbait andoaindarrek ere ekarri dituzte etxean zituzten Etxeberriaren argazkiak eta, horrela, erakusketan azaltzeaz gain, udal artxiboko fototekaren parte izango den Secundino Etxeberriaren funtsa elikatu dute. Guztiei gure esker ona adierazi nahi genieke”, adierazi dute artxibotik.

Gaur egun Etxeberriaren zenbat argazki dituzten artxiboan ez dakite zehatz-mehatz: “Zaila da zenbaki bat ematea, batzuk errepikatuta daude...”, aitortu du Otaegik.

Azaroaren 22an zabaldu zen erakusketa eta oso harrera ona izaten ari da. “Jendeari gustatzen zaizkio horrelako erakusketak, batez ere Andoain nola aldatu den ikustea, lekuak... Gainera, argazkietan azaltzen diren gehienak andoaindarrak direnez, batek ezagun bat ikusten badu argazki batean, horri esaten dio eta bizilagun hori ere etor-tzen da erakusketa ikustera”, aipatu du.

Beraz, nahi duenak oraindik aukera dauka abenduaren 29ra arte erakusketa hau bisitatzeko.