Hilabete hasieratik, Mugiment kirol txartela erabilgarri da Usurbilen ere, Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu ostean. Txartel horren bidez, Mugiment kirol txartelarekin bat egin duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte usurbildarrek, kostu gehigarririk gabe, eta baita alderantziz ere.

Hori egin ahal izateko, erabiltzaileek Kirol Txartela Mugiment aplikazioa deskargatu beharko dute (Google Playn zein App Storen), eta erregistratu. Aplikazioaren bidez egin ahal izango dituzte erreserbak. Beste kirol instalazioan, NAN txartela eta txartel birtuala bakarrik erakutsi beharko dituzte bertara sartu ahal izateko.

Jarduera fisikoa eta kirola egiteko erraztasunak eman eta aukerak biderkatzea da Mugiment kirol txartelarekin bat egiteko erabakia, Xabat Beloki Segurola kirol zinegotziaren esanetan. Gaur egun, Mugiment kirol txartelaren erabiltzaileek 90 herri inguruko 157 kirol instalazio erabiltzeko aukera dute.

Udalerri bakoitzak aukera dauka erabakitzeko kirol txartelaren bidez zein zerbitzu eskainiko dituen, eta zein ordutegitan. Usurbilgo kasuan, igerilekua eta gimnasioa erabili ahal izango dira.