Islada Ezkutatuak hamar urte baino gehiago daramatza, 2011tik, Lasarte-Oriako eta inguruetako memoria historikoaren xarma azalerazten, lortzen dituzten aztarnen hariei tiraka. Plazaratu duten azkeneko historia gaur egun udal Gizarte Zerbitzuen egoitza den Villa Mirentxuren iragan frankistarena izan da.
Datu hau joan den igandean eraikinaren lorategian Islada Ezkutatuak elkartearen monolitoa inauguratzeko ekitaldian azaldu zuen Joxea Muguruza taldekideak.
Villa Mirentxun frankistek errepresioa antolatu zuten. Hortaz, monolito horrek “frankismoaren basakeria pairatu zuten gizon, emakume eta haurrak oroituko ditu”. Honela, Villa Mirentxuren esanahia ere betiko aldatu dute; hori bai, bertan zer gertatu zen ahaztu gabe. Ekitaldi berberan Jose Zato taldekidea ere gogoan izan zuten.
Islada Ezkutatuak elkartearen lehendakariak, Mailu Arrutik, lanean nola hasi ziren gogoratu du egunkari honekin izandako topaketa batean. Nola ez, kafe baten inguruan erein zen lehen hazia. “Jalgin askotan kointziditzen nuen Mikel Amenabarrekin eta egun batean Gudaren gaia atera zen eta hor izan zen Txaldatxur izena lehenengo aldiz entzun nuena”, gogorazi du Arrutik.
Nahiz eta Txaldatxur Lasarte-Orian ez egon, Zubietako gainetan dago, bertan hasi zituzten lehenengo lanak. Hasteko sasiak kendu behar izan zituzten eta inguruak garbitu zituztenean, han agertu zen lubaki bat.
“Gudaren arrastoak bazeudela bagenekien, baina ez genuen uste hainbeste aurkituko genuenik, guztia arakatu gabe zegoelako”, adierazi du Josu Agirretxek.
Armen aztarna ugari aurkitu zituzten: Mauser fusilen eta pistolen bala zorroak, bonba zatiak, horien artean, granada eta obus bat... Bestelakoak ere bai: gerrikoen belarriak, koilara eta sardexkak, eta batez ere, sardina latak irekitzekoak.
Agirretxe berak esan du: “Lubakiak dauden tokietan pertsonak daude”. Bi hildako aurkitu zituzten eta Aranzadiren laguntza eta bisita jaso zuten gorpu haiek identifikatzeko.
“Guk Txaldatxur garbi manten-tzeko brigada bat antolatu genuen eta guk ezagutzen ez genituen lubaki gehiago aurkitu ziren. Lur gainean bala pila bat ikusi genituen”, azaldu du Arrutik.
Lubakiaren indusketa lanekin batera, beste lau lasarteoriatar arduratu ziren frankismoko errepresio garaian herrian bizi izan zen jendearen testigantzak jasotzen. Lan hura momentu hartan egin behar zen, lehenbailehen, adin nagusiko jendea zelako.
Testigantza horiekin lehenengo liburua idatzi zuen Islada Ezkutatuak: Testigantzak. Genozidio ezkutatu baten islak. Liburuaren aurkezpena 2020ko martxorako aurreikusia bazegoen ere, covid-19arengatik atzeratu behar izan zuten urte eta erdi bat. Bertan 86 testigantza biltzen dira. “Gehiago jaso genituen, baina liburuan argitaratzeko baimena eman zigutenek 86 izan ziren”, aditzera eman du Arrutik.
Pandemiak ere eten zuen beste ekimen bat: gerra pairatutako herritarrei eta bere istorioak kontatu zituztenei egiten zitzaizkien urteroko omenaldiak.
Alabaina, taldeak bere lanarekin jarraitu zuen eta urte batzuk beranduago Joxea Muguruza, bere arreba Mailu Muguruza ere Islada Ezkutatuaken kidea da, gehitu zitzaien. Muguruza ikertzaile trebea da eta berak artxiboetan aurkitutako informazioari esker, Lasarte militarki oso inportantea izan zela dakigu.
Izan ere, Txaldatxur Zubietako Zubietamendi mendiko tontor bat da. Larrauletik Mendizorrotzeraino zihoan frontearen parte ziren bertan eraikitako lubakiak. Fronte horren puntu nagusia Andatza zen. Bertatik Andoain, Lasarte eta Usurbil ikus zitezkeen.
Historia guzti hau jasotzeko liburu bat ondu zuen Joxea Muguruzak: El enigma de Txaldatxur. Liburuan azaltzen denez, Txaldatxur gaina gune estrategikoa izan zen 1936ko irailean. Nafarroatik zetozen kolpistek Oriako bailaran barrena iritsi nahi zuten Donostiara. Txaldatxurreko guda 1936ko irailaren 3tik 19ra burutu zen eta “oso bortitza” izan zen. Behin Txaldatxur erorita, kolpistak erraz iritsi ziren Donostiara.
Muguruzak bi bandoen artean armamentuari dagokionez zegoen alde ikaragarria nabarmendu du: butzuk gerrakoak, besteek etxean egindakoak.
Bi liburu hauek ikaragarrizko jakinmina pizten dute. Guztira 5.620 ale saldu dituzte orain arte.
Islada Ezkutatuak taldetik etorkizun hurbilean indusketekin jarraituko dutela iragarri dute, baina ez dute ezer aurreratu.