Ibarrako Gazte Asanbladak 30 urte betetzen ditu aurten, eta, Asanbladako kideek azaldu digutenez, ospakizun honen harira egitarau zabala antolatu dute larunbaterako. Herri kirolekin zabalduko dute urteurren festa 11.00etan, herriko plazan. Ondoren, bazkaria egingo dute 14.30etatik aurrera. Jakinarazi dutenez, bazkarirako tiketak Zubiaurre eta Ataria tabernetan izango dira salgai bertaratu nahi duten guztientzat. Ikasle eta langabetuek zortzi euroren truke izango dituzte tiketak eta langileek hamar euroren truke. Arratsaldean ere jarraituko du festak Ibarran. 19.00etan hasita sagardo dastaketa egingo dute plazan. Ondoren, iluntzean, afaria egingo dute gaztetxean, bertsolariekin girotua eta jarraian, ekitaldia. 23.00etatik aurrera, plazan izango diren kontzertuekin amaituko dute eguna, Labanka, Iltze eta DJ Bikañaren eskutik. Antolatzaileek herritarrei festan parte-hartzeko deia egin nahi izan diete.