Hitzaren Eskolaren edizio berrituak ekitaldi ireki bakarra izango du aurten. Dinamoa sormen gunean burutuko da 2023ko abenduaren 2an, larunbata, 12.00etan hasita, Lau lautada lauso izenpean. eta lau irakasleek hartuko dute parte bertan, egiten dutenaren lau erakusgarri fidel erakutsiz.

Horietako bat Amets Aranguren da. Isiltasunarekin dugun harremana hartu zuen bere saioetarako ardatz, eta hitzik gabeko bertsoak botatzera ekarriko ditu Ion Celestino eta Amets Aznarez musikariak, adierazi zuten Hitzaren Eskolatik. Joseba Sarrionandiak, berriz, Markos Gimenoren sormen lan oparoa hartu zuen oinarri, bere hitz jokoak, palindromoak, kalanburrak eta bestelakoak. Horiekin liburu bat editatzen ari da, laster kaleratuko duena Pamielak. Liburu horren aurkezpena egingo da abenduak 2ko ekitaldian.

Irati Gorostidik bere zinegile lanean hitzak hartu dituen formak erabili ditu lanerako, narrazio modu diferenteak aztertuz eta narrazioa bera zer ote den galdetuz, eta oso gutxitan erakutsi ohi duen bere film bat aurkeztuko du. OT-IL da izenburua eta okin bat lanean erakusten duen Super8ko lana. Azkenik, Itziar Ugartek arretaren gaia hartu du, eta begirada poetikoaren osagaiak aztertzen aritu da. Chantall Maillarden Idaztea poemaren irakurketa eskainiko du Lau Lautada Lauso honetan.