Bai musika eta bai idazteak terapeutikoki erabiltzen ditu Alain Mendizabalek. Bere lehenengo liburuan negarraren inguruko hausnarketa egin du. Ez dago bakarrik lan honetan. Bertan dauden 19 poemak hiru artista oiartzuarrek ilustratu dituzte. Liburua azaroaren 11n aurkeztu zuen Oiartzungo Lan-detxen Hitzen Lihoa egitasmo literarioaren baitan.

Nola sortu zen ‘Jausiz’ obra?

–Txikitatik izan dut idazteko ohitura nik neure burua ulertzeko eta zer sentiten nuen jakiteko paper baten aurrean jartzen nintzen eta idatzi egiten nuen eta gero irakurri egiten nuen. Beste heldutasun batekin terapia baten lekukotasuna uzteko baliatu nuen. Orain dela bi urte negarraren inguruan, niretzat hain zaila zen negar egiteari, buelta bat eman eta tresna bilakatu nuen nire emozioak askatzeko. Negarra egiteko gogoa neukanean idazten hasi nintzen.

Hasieratik izan zenuen argi liburu bat idatzi nahi zenuela?

–Ez. Hamar edo hamabi poemetako sorta idatzita neukanean eta poema horiekin nahiko asetuta sentitu nin-tzenean, duela urtebete bat edo, konturatu nintzen liburu formatua eman ahal niela. Beraz, duela urtebete intentzionalitatea aldatuta eta liburu bat aterako nuela buruan izanda, beste poema batzuk eta epilogoa egin nituen. Epe bat jarri nuen, aurtengo ekaina, liburua amaitzeko. Modu natural batean ateratzen zena nahi nuen argitaratu. Azkenean 19 poema jasotzen ditu liburuak.

Negar egiteko zailtasun horrek ere eman zintuen gizontasunaren inguruan hausnarketa bat egitera.

–Bai, epilogoan maskulinitateaz hitz egiten dut eta zaurgarri sentitzeko eskubideaz eta negar egiteaz, gizonei hainbeste kostatzen zaiguna. Testigantza txikitxo bat utzi nahi nuen. Horretarako marinel baten bizitza hartu nuen, tradizionalki gizonen ogibide bat izan delako eta badaudelako balio asko metaforarako joko ematen dutenak. Bost poema dira.

‘Jausiz’ izenburua nondik dator?

–Prozesu terapeutiko horretatik dator. Asko kostatzen zaigu gizartean orokorrean eta gizonoi bereziki inertziatik atera eta momentu bat hartzea ez gaudela ondo ohartzeko. Jausten zarenean beti esaten dizute azkar altxatzeko, ez dugu momentu bat hartzen gure buruarekin egoteko. Gainera, hasiera-hasieran ida-tzi nuen poema batek ere Jausiz du izenburua.

Zure poemak ilustrazioekin batera aurkezten dira.

–Pixka bat beldurra ematen zidan nirea bakarrik zen liburu bat argitaratzea. Ni ez naizenez irakurle ona, pentsatzen nuen letra soilik ager-tzea agian astunegia izango zela. Horregatik hiru artista oiartzuarrei gonbidatu nien parte hartzera: Amaia Belaunzaran Sanz, Karen Etxebeste Muñoz eta Ekhine Irazusta Arozena. Poemak perspektiba diferente batetik ikusten dira. Lehenengo aldiz ikusi nuenean nire poemaren interpretazio bat asko gustatu zitzaidan poemaz gozatzeko beste faktore bat delako.

Hau zure lehenengo liburua da, baina zure ibilbide artistikoa luzea da rap musikari bezala.

–Bai. 17 edo 18 urterekin, Batxilerrean ginela, hasi ginen lehenengo kantak igotzen orain oso ezaguna den Bengo eta biok rap estiloan, hori baitzen entzuten genuen musika. Bere etxean grabatzen genituen kantak eta hor aurkitu nuen modu terapeutikoan idazten nuenari irteera emateko baliabide bat. Gainera asko zegoen egiteko, duela bederatzi edo hamar urte hemen inorrek ez zuelako rap musika euskaraz egiten.

Zein diferentzia daude rap kanta baten eta poema baten artean?

–Musikak jolasteko aukera gehiago ematen dizu, baina teknikoki zailagoa izan daiteke grabatu egin behar delako. Musika erakargarriago izan daiteke, baina eduki aldetik muga-tzen zaitu, errimak bilatu eta neurri finko batera egokitu behar zarelako. Aldiz, poesiak baldinba dauka gauza bat askatasun totala da. Asetuago sentitu naiz poesiarekin.

Zer ikasi duzu liburu hau idazten?

–Asko ikasi dut neure buruaz eta gizarteko inertziatik eta erritmo frenetikoaz ateratzea beharrezkoa dela. Askotan ez dugu aurkitzen hausnarketarako momentu bat. Ni konturatu naiz neure buruari galdetzeko eta konektatzeko momentu bat behar dudala. Gure burua azken finean gure etxe handiena da eta ez dugu emozioekin, gorputzarekin eta buruarekin konektatzeko denbora bat hartzen. Ez da erraza, baina behar-beharrezkoa da.

Non eros daiteke liburua?

–Jausiz liburua eskuragarri dago 15 euroan Dixidu dendan, Oiartzun Irratian eta www.1545.eus webgunean. Gainera, abenduaren 16an Oiartzunen ospatuko den Txerri Egunean liburua erosteko aukera ere izango da 1545 argitaletxearen postuan, Madalensoron. 11.30etik 13.30era nahi duenari liburua sinatuko diot. Honez gain, Durangoko Azokan ere egongo da.