Ibarrako Udalak jakinarazi duenez, Kultur dinamika hauspotzen izeneko proiektua abian da “herritarrek Ibarrako kultur errealitatearen inguruan duten iritzia” jakiteko eta herriak “merezi duen kultur eskaintza izateko” helburuarekin. Horretarako, adin ezberdinetako herritarrei zabalduko dien galdetegi bat burutu du Udalak, eta pasa den larunbatetik, azaroaren 11tik, abenduaren 7ra bitarte izango da erantzuteko aukera. “Modu presentzialean egin daiteke, udaletxearen harrera gelan, kultur etxean edota Bizi Nahi adinekoen egoitzaren sarreran”, azaldu dute kideek. Baina, galdetegia online erantzuteko aukera ere izango dutela adierazi dute, “kalean, tabernetan eta dendetan egongo diren karteletako QR kodeen bitartez jo ahalko da galdetegietara” azalduz.
Proiektu berri honen aurkezpenean Ibarrako Udaleko Kultur zinegotzia den Alberto Sukiak baieztatu zuenez, kultur arlo oso aberatsa duen herria da Ibarra Udaleko kideen ustez. “Herritar askok urte luzeetan zehar egin duten lana ikusi besterik ez dago. Hauspoa kultur elkartea, Alurr dantza taldea, Loatzo musika eskola eta beste hainbat kultur eragile garrantzitsu ditugu gurean”, baieztatu zuen. Baina, horretaz gain, Udalak azkenaldian herriko kultur eskaintzetan hutsuneak sumatu dituela ere azaldu zuen Sukiak. “Eskaintza hori berritzeko edota indartzeko, hauspotzea dagokigu udalean lanean ari garenoi” azaldu zuen, eta “galdetegiaren erantzunek behar eta gustu berriak edo desberdinak aztertzeko” balioko dutela azpimarratu nahi izan zuen. Herriko kultur errealitatearen diagnostikoa gauzatzeko lehen pausoa izango da herritarrei luzatutako galdetegia. Izan ere, behin herritarrek euren ekarpena eginda, informazio hori guztia jaso eta proposamen eta ideia guztiekin lanketa sakona egingo dute Udal gobernuko kideek. Ondoren, azaldu dutenez, ondorioak atera eta banan bana kultur eragile guztiekin bilduko da Udala. Horrela, herriak dituen gabeziak eta indarguneak identifikatu ondoren “Ibarrak merezi duen kultur eskaintza oparo, aberasgarri eta anitza” antolatuko du Udalak.
Izan ere, Udalaren ustez, “kulturarik gabe ez dago herririk eta ez dago kulturarik gabeko Ibarrarik”. Horregatik, Igor Zapirain Ibarrako alkateak herritar guztiei galdetegia eran- tzun eta euren ekarpena egiteko deia luzatu nahi izan die. “Egin kultura herria egiteko”, esan du alkateak.