Udalak jakinarazi duenez, Tolosaldeko Mankomunitateak martxan jarri duen Eman aurpegia kanpainan parte hartuko du, eta kezka adierazi du azken hilabeteotan Amasa-Villabonako hiri-hondakinen gaikako bilketa datuek izan duten beheranzko joerarekin. Izan ere, azken urteetan lehen aldiz, gure herriko gaikako bilketaren portzentaia %70etik behera kokatu da aurtengo irailean. “Tolosaldeko Mankomunitateak hilero garatzen duen txostenaren arabera, Amasa-Villabonan bildutako hondakin birziklagarrien kopurua murriztuz doa aurreko urteekin alderatuz gero. Hori horrela, Udalak etxeetako hondakinen bereizketa behar bezala egiteko deia egin nahi die herritarrei, honek garrantzi handia baitu ingurumenean eta udalerriaren jasangarritasunean” adierazi dute Villabonako udal ordezkariek. Gainera, adierazi dutenez, Udalak 2019an “Amasa-Villabonako hiri-hondakinen gaikako bilketa, gutxienez %70etik gora mantentzeko konpromisoa hartu zuen”, etakonpromiso hau “irmoki” dutela ere baieztatu dute.

Helburu hau lortzeko bidean, zenbait neurri garrantzitsu jarri dira martxan Villabonan eta Udalak herritarrei “gogorarazi” nahi izan dizkie. Alde batetik, hondakin organikoak etxean bildu eta ondoren edukiontzi marroira botatzeko, eta bestetik, derrigorrez poltsa konpostagarriak erabili behar direla azpimarratu dute. “Izan ere, Mankomunitateak egin dituen azterketen arabera, gero eta herritar gehiago dira organikoa plastikozko poltsa normaletan botatzen dituztenak edukiontzietara, eta horrek kalte izugarria eragiten du biltzen den hondakin organikoaren kalitatean” azaldu dute, poltsa konpostagarri horiek Udalak herritar guztientzat doan eskaintzen dituela gogorarazteaz gain. Bestalde, Udalak gogorarazi nahi izan du debekatuta dagoela hondakinak kalean botata uztea, eta etxeetako bolumen handiko hondakinak, altzariak, koltxoiak... soilik asteazken arratsaldeetan atera daitezkeela edukiontzien guneetara. Honekin batera Udalak Tolosaldeko Mankomunitateak Tolosan San Blas auzoan eta Andoainen Leizotz industrigunean, Urnietarako bidean dituen Garbiguneak erabiltzea eskatzen du.

Bukatzeko, ingurumenaren eta herritarren bizi-kalitatearen mesedetan, azken hilabeteotako joera iraultzea espero duela adierazi du Udalak.