Larunbat arratsaldean San Martin eguneko festa ospatuko dute Urretxuko Iparragirre plazan. Ekitaldiak 17.00etatik 21.00etara egingo dira.
Lau ordu horietan Martintxo txerria ikusgai egongo da eta bi urdaiazpikoren zozketarako txartelak salduko dituzte. 17.00etan haurrentzako jolasak eta txokolatada egongo dira. 18.00etan herri kirolen txanda izango da. Helduek herri kirol erakustaldia egingo dute eta gaztetxoek herri kirolak ezagutzeko aukera izango dute.
19.00etan arratsaldeko ekitaldi nagusia hasiko da: odolki pintxo dastaketa. 19.00etatik 21.00etara pintxoak banatuko dira, doan.
19.30ean Iparragirre Balerdi musika bandak eta Lizarriturri txistulari taldeak kalejira egingo dute. 20.30ak aldera San Martin auzoan joko dute eta ondoren Iparragirre plazara joango dira. 21.00etan aipatutako bi urdaiazpikoak zozkatuko dira. Jasotako dirua Elikagaien Bankuari emango zaio.