Ostiralean eta larunbatean odolkiarekin egindako pintxoen lehiaketa egin zuten Zumarragan. Pintxo onenari saria Bidezar tabernak irabazi zuen eta originalenari dagokiona Hirukia tabernak.

Bidezarreko pintxoaren izena Garaiko landareak da. Pintxo bakoi- tza landare bat da. Lorontziaren azpialdean urdai frijitu zatitxoak jarri zituzten (harriak balira bezala) eta gainean errezil sagar krema pikillo piperrarekin (ongarria) eta odolkia trufarekin (lurra). Horren guztiaren gainean, landarea jarri zuten. Pintxo bakoitzak landare bat zuen: brokolia, zerba, espinaka… Gainera, bezero bakoitzari pipeta bat eman zioten landarea foie eta babarrun infusioarekin ureztatzeko.

David Revuelta sukaldariak oso asteburu ona izan dela esan du. “Astakeria izan da. 800 pintxo inguru saldu ditugu, iaz baino askoz ere gehiago. Oso pozik gaude”.

Hirukiako pintxoaren izena Gozoa eta gazia, ezer ez da dirudiena da. Brownie bat egin zuten. Kakao beltza, odolkia, fruitu lehorrak, krema, oliba olio eta pipermin bolatxoak, tomate marmelada eta konpotarekin egin zuten. Txoni Sastre sukaldariak oso asteburu ona izan dela dio. “Pintxo asko saldu ditugu. 700 bat. Jendearen ohiturak aldatu egin dira. Lehen larunbat arratsaldean saltzen genuen gehien, baina azken bi urteetan ostiral arratsaldean gehiago saldu dugu”.

Igandeko Buzkantza Eguna ere arrakastatsua izan zen. Buzkantza pintxo guztiak ordu eta erdian saldu ziren (75 kilo buzkantza) eta duatloi herrikoiak ikusle asko erakarri zituen. Bi taldek parte hartu zuten: zuriak (mondejuak) eta beltzak (buzkantzak). Buzkantzak nagusitu ziren. Talde beltzean Joseba eta Olaia Esnaola aita-alabek harria altxatu zuten, Joanes Izagirre giza proban aritu zen, Joseba Arakama zegamarra aizkorarekin aritu zen, Aimar Zubillagak txingak eraman zituen eta Ander Izagirrek korrika egin zuen.

Talde zuriari dagokionez, Aiert Zubillagak eta Aitor Lizarazuk 50 kiloko harria altxatu zuten, Julen Sasieta giza proban aritu zen, Julen Aranberri aizkorarekin aritu zen, Markel Telleria txingekin aritu zen eta Kepa Telleriak korrika egin zuen.